Erreferenduma buruan, sinadura bilketa erraldoi bat egitea proposatu du Gure Eskuk

Joseba Derteano 2019ko eka. 5a, 21:47

Herritar, kolektibo, elkarte eta erakundeak inplikatuko dituen "herri erronka" moduan planteatu dute.

Aurrera begira, "jauzi kualitatibo" bat emateko bidea ireki lezakeen ekimena proposatu du Gure Eskuk: sinadura bilketa erraldoia. Hilabete batean kontzentratuko litzateke, 2020 maiatzaren eta ekainaren bueltan. "Sinestuta gaude sinadura bilketa hori nahi dugun moduan bideratzen badugu eta amesten ditugun kopuruak lortzen baditugu mugarri garrantzitsu bat izan daitekeela", adierazi du Gure Eskuko bozeramaile Josu Etxaburuk, gaur Durangoko Plateruenean egindako aurkezpenean.

Sinadura bilketa hilabetean kontzentratzeko ideia Euskaralditik hartu dute. "Euskaraldian 11 egunetan fokoa horretan jarrita egon da. Antzerako zerbait lortu gura dugu", azaldu du.

Gure Eskutik harago joan behar den "herri erronka" moduan planteatu du Etxeburuk eta sinadura bilketa heldu aurretik herriz herri zein maila nazionalean landu beharko dela, ildo guztietako eragileekin. "Saretzen jarraitu behar dugu, orain arte heldu ez garenengana heltzen. Herri ekimen honen arrakasta horretan datza".

Erreferenduma buruan

Erakunde publikoei erreferenduma legeztatzeko eskaria luzatzea da helburua, eskumena dutenek eskaria errealitate bihurtu dezaten. "Erreferendumaren tresna geurenaganatu gura dugu", azaldu du Gure Eskuko bozeramaileak.

Euskal Herri osoa kontuan hartuko duen herri ekimena izatea gura dute, beti ere tokian tokiko, hau da, Euskal Autonomia Erkidegoko, Iparraldeko eta Nafarroako, errealitateak kontuan hartuta. Lurralde nortasuna "zaindu" beharko dela aurreratu du Etxaburuk.

Gainera, horrelako planteamendu batean epe luzerako begirada bat izatea "derrigorrezkoa" dela uste du. "Zer gertatuko den noiz jakitea ez da erraza. Jokoan sartzen diren hainbat aldagai daude", ohartarazi du aurkezpenean.

Bazkide kanpaina

Gure Eskuk bazkide kopurua handitzeko kanpaina berri bat abiatu du. Ekonomikoki malgutasuna lortzeko zein beste eragileen aurrera "muskulu sendoagoarekin" bideratzeko bazkide kopuru handitzea "ezinbesteko elementua" dela uste du Etxaburuk. Horretarako aukera, www.gureesku.eus webgunean dago.

Gaurko aurkezpeneko irudia:

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!