Sergeren 'Enarak Itzuliko Dira' diskoaren aurkezpenagaz abiatuko da EguenERO, Intxaurren

Aritz Maldonado 2019ko eka. 4a, 08:27

Bost emanaldik osatuko dute bigarren EguenERO kontzertu sorta. Hilabetean Intxaurre kultur elkarteko eguenak girotzea da ekimenaren helburua. Horretarako, artista ezagunak eta gazteagoak direnak gonbidatzen dituzte Intxaurreko kideek.

"Publikoarentzat ahalik eta egitaraurik erakargarriena egiten ahalegintzen gara. Horretarako, jada ezagunak diren artistak, edo berriak eta interesgarriak izan daitezkeenak ekartzen saiatzen gara", dio Kimetz Zenitagoia Intxaurreko kideak. Serge izango da Intxaurreko terrazan arituko den lehenengo artista. Eraso taldeko abeslariak bere lehenengo bakarkako lana den Enarak Itzuliko Dira aurkeztuko du; ekainaren 6an izango da hori, 20:00etan. Astebete geroago, ekainaren 13an, Serrulla gaztearen txanda izango da.

Ekainaren 20ko eta 27ko emanaldiak bakarlari ezagun bik eskainiko dituzte: 20an Rafa Rueda mungiarra arituko da Intxaurreko oholtzan. 27an, Petti beratarrak kantatuko du. Uztailaren 4an, Rojo Cancionerok itxiko du denboraldi berria.

Deneriko artistak

Antolatzaileak poz-pozik agertu dira iazko kontzertu sortak izandako harreragaz. "Pozarren gaude jendeak iaz emandako erantzunagaz. Guretzat ahalegin handi samarra da, baina lortu genuen jendea erakartzea eta haiek disfrutatzea, eta horixe zen gure helburua", baloratu du Zenitagoiak. Deneriko doinuak jorratzen dituzten artistak aritu ziren Intxaurreko terrazan; tartean, Mikel Gorosabel, Jon Basaguren eta Mice artistak. Inun zornotzarrak ere kantatu zuen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!