“Urte hasierako helburuak bete ditugu, baina liga irabazteko moduko taldea geneukan”

Joseba Derteano 2019ko eka. 1a, 11:30

Euskal Ligara jaitsi berritan hartu zuen taldea Iker Saenz de la Cuestak, eta bere gidaritzapean Hirugarren Mailara igo ziren lehenengo, eta Bigarren B Mailara gero. Orain, nekatuta, etapa bat ixteko unea dela erabaki du, baina klubari lotuta jarraituko du.

Zergatik erabaki duzu Elorrioko Buskantza Parra Taberna taldea entrenatzeari uztea?
Jokalari talde exigentea izan dut eta ez dut euren konfiantzarik izan. Nekea ere nabaritu dut. Urte asko, lan asko... Gauza asko batu dira. Atsedena merezi nuen eta erabaki hori hartu dut. 

Ez duzu jokalarien babesik sentitu?
Askotan, ez. Ez dut kexarik, ez da arrazoi nagusia izan, baina bai arrazoi bat albo batera egiteko. Bat egindako lantaldea gura nuen eta ez dut lortu hori sortzerik. Beraz, gurago izan dut alde batera egin eta ea besteren batek lortzen duen nik ezin izan dudana.

Zure entrenatzaile ibilbidean parentesi bat da?
Klubean jarraituko dut, han eta hemen lanean, baina ez dut inon entrenatuko. Entrenatzaile lana eta areto-futbola asko gustatzen zaizkit eta zaila da esatea etorkizunean ez dudala entrenatuko, baina datorren denboraldian, behintzat, ez da izango.

Aurten azken unera arte Bigarren B Mailara igotzeko borrokan ibili zarete. Kanpotik begiratuta, denboraldi ona osatu duzuela ematen du.
Denboraldi hasieran, hiru onenen artean geratzea zen helburua. Alde horretatik, bete dugu helburua, baina liga irabazteko moduko taldea geneukan. Hainbat arazo izan ditugu. Esaterako, orain hile bi, lau edo bost jokalarik ez zutela taldean jarraituko esan ziguten eta zama horregaz ez da erraza izan txapeldun geratzeko lehiatzea. Pena da liga irabazi ez izana.

Zazpi urtean bizitako zein momentu aukeratuko zenuke?
Lehenengo urtea oso polita izan zen. Ni etorri berri, jendea lanerako prest, igoera lortu genuen… Oso gomuta onak ditut. Iaz Bigarren B Mailan Segorven (Alacant) jokaturiko partidua ere gogoan dut. Zaleak autobusean joan ziren gu animatzera eta, galdu arren, giro itzela bizi izan genuen. Zierbenan Bigarren B Mailako lehenengo garaipena lortu genuen unea ere polita izan zen. Une horiez gainera, urte hauetan ezagutu dudan jendea eta bidelagun izan ditudanak ere akorduan ditut.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!