Bidezabalek etxean borrokatuko du Ohorezko Mailara igotzeko aukera

Joseba Derteano 2019ko mai. 29a, 14:42
Aitziber Irigoras Durangoko jarduneko alkatea eta Juan Ignacio Hernández Bidezabaleko presidentea Durangoko udaletxean egindako aurkezpenean.

Iaz maila galdu ostean, atletismoaren gailurrera itzuli gura du emakumeen taldeak.

Bidezabalek atletismoaren gailurrera itzuli gura du emakumeetan, iaz handik jaitsi ostean. Horretarako, sailkapenean aurrean kokatuta dagoen arren, emaitza on bat behar du domekan, Durangon jokatuko den bigarren jardunaldian. Horren ostean, azken saio bat bakarrik geratu da, ekainaren 15ean.

Lau taldetako 150 atleta batuko dira atletismo pistan goiz osoan zehar: Alcorcon, Pontevedra, Cartagena eta Bidezabal. Lehenengo posturako borrokan Alcorcon izango da Durangoko klubaren aurkaririk sendoena.

Taldekako txapelketa denez, atleta denen ekarpena garrantzitsua da eta batutako puntu bakoitzak asko balio dezake. Bidezabalen kasuan, klubean dabiltzan Bizkaitik kanpoko atletek dituzte euren espezialitateetan aurreren geratzeko aukerak: Natalia Redondo xixondarrak mailu jaurtiketan, Cristina Teixeira madrildarrak pisu jaurtiketan eta Valvanuz Cañizo kantabriarrak altura jauzian. Azken hori, 1.81 metro saltatzeko kapaz da, 1.65 metroko garaieragaz. "Harrigarria da duen ahalmena. Beharbada estatuko hiru jauzilaririk onenen artean dago", adierazi du Juan Ignacio Hernández Bidezabaleko presidenteak gaurko aurkezpen ekitaldian.

Etxeko atletak

Bidezabalek domekan aurkeztuko duen taldeko atleten %75 bizkaitarrak dira eta, tartean, Durangaldeko hainbat daude. Oro har, oso gazteak dira, oraindino zailtzen ari diren atletak. Alde horretatik, txapelketa "esperientzia pilatzeko oso aukera ona" dela uste du Bidezabaleko Cristina Petitek. "Espainiako txapelketan aurkitu dezaketen maila ezagutzeko balio izaten die. Oso esperientzia aberasgarria da gazteentzat", adierazi du atleta ohi abadiñarrak. Eskualdeko sei atleta ariko dira lehian eta bost durangarrak dira: Naroa Heredero pertikan, Aitana Merino 3.000 metrotan, Itsaso Atutxa 1.500 metrotan, Ane Rodriguez 3.000 metroko oztopo proban eta Irene Costa 400 metroko errelebo proban. Sigarrena berriztarra da, Ainhoa Colino, eta martxako lasterketan parte hartuko du. 

Domekako lehenengo proba —mailu jaurtiketa— 10:00etan hasiko dira eta azkena —errelebo proba— 13:30ean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!