“Heptatloian teknika ona izateko, abantaila izugarria da gaztetatik aritzea honetan”

Maialen Zuazubiskar 2019ko mai. 24a, 13:00

Durango Kirol Taldeko kirolariak urrezko domina irabazi du Espainiako heptatloi txapelketan, atletismoan dagoen diziplinarik gogorrenetarikoan. Sonia Oceja eta Eva Muñoa taldekideak ere dominekin itzuli dira Madrildik.

Espainiako txapelketan, urrezko domina lortu berri duzu heptatloian, zazpi probetatik sei irabazita.
Txapelketa ondo irten zitzaidan eta pozik nago egindako lanagaz. Hala ere, hezien proban ez nuen nire marka egitea lortu, eta horretan arantzatxoa daukat. Horrez gainera, horrenbeste probatan norbere markak hobetzea eta denak bikain irtetea oso gatxa da. Beraz, pozik nago emaitzagaz. Gainera, aurten beste urte batzuetan baino gutxiago entrenatu naizela ere kontuan hartu behar dut. 

Esperotako emaitza izan da?
Egia esan, podiumean ikusten nuen neure burua, baina zalantza batzuekin joan nintzen txapelketara. Lehen esan dudan moduan, aurten beste urte batzuetan baino gutxiago entrenatu naiz, eta probaren batean huts egiten baduzu eta aurkariek dena ondo egiten badute, lehenengo postuak garesti egoten dira.  

Beste behin ere, atleta konpletoa zarela erakutsi duzu.
Heptatloian irabazteko, derrigorrez izan behar duzu atleta konpletoa. Besteak beste, hesien proba, pisu jaurtiketa eta jauziak dituzu, eta ezinbestekoa da teknika ona izatea. Gainera, bakoitzaren teknika mundu bat da, eta horiek ikasi eta denetan txukun moldatzea ez da erraza. Heptatloian teknika ona izateko, abantaila izugarria da gaztetatik aritzea honetan.

Zer suposatu du zuretzat garaipen honek?
Beste garaipen bat da. Parte hartzen dudan proba eta txapelketetan, normalean aurrean ibiltzen naiz, eta garaipen hau ere horren adibide da. Baina, tira, pozarren nago lortutako emaitzagaz.

Zein da zure hurrengo helburua?
Uztailaren 13an kluben arteko Espainiako Txapelketara joango naiz. Han lan ona egitea eta disfrutatzea izango dugu helburu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!