Hauteskundeak

Durango, lehiaren interesgune handietakoa

Markel Onaindia 2019ko mai. 24a, 08:50

Eskualdeburu delarik, Durango izango da etziko hauteskundeetan interesgune handietariko bat, baita Euskal Herri osoan ere. Ikus: Hauteskundeen datu historikoak

Udalaren azken ikerketa soziologikoak orain lau urteko hauteskundeen antzeko emaitzak iragarri ditu, zinegotzi kopuruan aldaketarik eman barik. Hala ere, aurpegi berri asko egongo dira hautagaien artean, eta VOX alderdi ultraeskuindarra ere sartuko da lehian. Boto kopuruan barik, zinegotzi banaketan egon daiteke aldaketa posible baterako giltza. Jarleku baten bueltan egon daiteke.

EAJ eta EH Bildu alkategai eta zerrenda berrituagaz datoz, etapa bat zarratuta. Hurrenez hurren, inkestak 8 eta 7 jarleku eman dizkiote, duela lau urte lez. Herriaren Eskubidearen emaitzetan egon liteke hauteskundeen gako nagusietako bat. 2015ean alderdi berria zen, eta, orduan abstentziotik eta beste alderdietatik jaso zituen botoak mantenduko dituen jakiteke dago. Bestalde, alkategaia errepikatuko duen bakarra da, eta lau urteko esperientzia du bere alde. PSE-EE beherantz etorritako alderdia da azken urteetan, baina talde eta lider berriagaz buelta eman gura dio horri, zinegotzi bi edo hiru lortzeko. PP ere beheraka dator, eta VOXera joan ahal diren botoek jarleku bakarra galtzeko arriskua sortu diote.

Beheko grafikoan ikus daitekeenez, 20 urtetan asko aldatu da Durangoko errealitate politikoa. EH Bilduk eta Herriaren Eskubideak aurten gobernu aldaketa gauzatzeko esperantza dute, baina EAJk 40 urteko hegemoniari eusteko apustua egin du. Herritarrek dute hitza. 

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!