1.500 zikloturistak baino gehiagok parte hartuko dute BIBE Transbizkaia martxan

Joseba Derteano 2019ko mai. 23a, 16:30
Prestigio handiko txirrindulari ohiak batu ditu gaurko aurkezpenak, Marino Lejarreta eta Iban Mayo, besteak beste.

Durangon hasi eta Urkiola gainean amaituko da, ekainaren 2an.

Urterik urtera jendetsuagoa da Iraupen Luzeko BIBE Transbizkaia martxa. 400 parte hartzailerekin hasi ziren 2016an eta aurten 1.500 baino gehiago batuko ditu. Maiatzaren 26an amaituko da izen-ematea.

Bi ibilbideren artean aukeratu daiteke. Iraupen luzekoak 180 kilometro ditu, 3.990 metroko desnibel positiboarekin. Iraupen ertainekoa eramangarriagoa da: 122 kilometro eta 2.445 metroko desnibela.

Proba biak Durangoko Landako Gunean hasiko dira ekainaren 2an, 08:00etan. Helmuga Urkiolako Santutegiaren parean kokatu dute.

Igor Anton eta David Lopez omenduko dituzte

Iaz txirrindularitza profesionala utzi zuten Igor Anton eta David Lopez omenduko dituzte aurtengo aldian. Bai bata eta bai bestea Durangon izan dira gaur, proba aurkezteko Gran Hotelean egindako ekitaldian. Antonentzat “toki berezia” da Urkiola gaina. Izan ere, 2009an Urkiolarako Igoera irabazi zuen txirrindulari ohi galdakoztarrak. “Hara bueltatzea beti polita da niretzat”, adierazi du. Lopezek probaren ibilbidea goraipatu du: “Isua, Sollube eta antzerako mendateak igotzea edonor animatzeko modukoa da. Erronka oso polita da zikloturistentzat”.

Martxa, datuetan

Martxaren inguruko hainbat datu eman dituzte antolatzaileek. 1.500 parte-hartzaileetatik 60 emakumezkoak izango dira, iaz baino 40 gehiago. Adin tarteari dagokionez, parte-hartzaile gehienek 35 eta 44 urte artean dituzte: 500, guztira. 45-54 urte artekoak 250 dira eta 25-34 artekoak, 230.

Egunean bertan 150 lagun ariko dira lanean. Antolatzaileek Duranguesa elkartearen laguntza izango dute bai bidegurutzeak zaintzen eta bai laguntza teknikoan.

Igor Anton eta David Lopez, aurtengo omenduak:

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!