Otegik Gorka Lupiañez preso durangarrarentzat eta Joseba Sarrionandiarentzat eduki ditu lehen berbak. Lupiañez espetxealdian ezagutu zuen politikari elgoibartarrak, eta berriki NBEk kaleratu duen txostenari buruz mintzatu da, espainiar estatuaren "jarrera atzerakoia" salatzeko. Idazle iurretarraren kasuan, Euskal Herriko politikagintzari buruz egin duen hausnarketa aipatu du. "Josebak dioen legez, Euskal Herriko politikagintza aldatuko da, ez gobernatzen duen alderdia aldatzen denean, baizik eta politika egiteko modua aldatzen denean". Ostean, burujabetza eduki du berbaldiaren ardatz gisa. "Burujabetza ezinbestekoa da hemen zelako politikak gura ditugun erabakitzeko".
Garciak ekitaldia aurretik hurbildu zaizkion herrikideak aipatu ditu hasieran. Estatu espainiarrean ”ematen ari den inboluzio demokratikoa” nabarmendu du gero. “Eredu sozial justuago baten aldeko” botoa eskatu du Orain Errepublikak koalizioarentzako. Allariz (Galizia) herriko alkatea izan da Garcia 18 urtez.
Durangaldea plaza estrategiko legez izendatu du Ilardiak, eta EAJk "bertan duen hegemonia” galtzeko duen beldurra azpimarratu du. Bestalde, gaur Loiun eta Barazarren hil diren bi langileak ere gogoan izan ditu.
EAJren 40 urteko udalgintza eredu “itxia” aldatzeko bozka eskatu du Ima Garrastatxu alkategaiak. “Herritarren mobilizazioak alkateak dimisioa ematera bultzatu zuen Galiziako Allariz herrian. Egoera hori hurbilekoa dugu Durangon, zoritxarrez. Allarizen eredu bat dugu”. EAJren eta PSEren eta kudeaketa “penagarritzat” jo du, eta “ostrukarena” egitea leporatu dio udal gobernu taldeari. “Ez dute herria entzuten”. Ekitaldi amaieran ateak zabaldu dizkie “aldaketaren alde” udaleko beste alderdiekin egon daitezkeen akordioei.