Hauteskundeak

Herriaren Eskubideak Airearen Kalitatearen Foroa sortzea proposatu du

Joseba Derteano 2019ko mai. 22a, 15:21

Durangairea plataformak eskaturiko dekalogoa betetzea “ezinbestekoa” dela uste dute.

Airearen Kalitatearen Foroa sortzea porposatu du Herriaren Eskubidea koalizioak. Udaleko ordezkariek, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Saileko kideek, adituek, Durangairea plataformako kideek eta herritarrek osatuko lukete eta honako helburuak izango lituzke: Kutsadura murrizteko estrategiak ezartzea, ikerketen jarraipena egitea eta onarturiko neurriak martxan jartzea. “Airearen kalitateari buruzko ikerketa sakona eskatzen jarraituko dugu eta bere emaitzak publiko egin daitezela”, adierazi du Julian Riosek prentsa-ohar batean.

Riosek “ezinbestekotzat” jotzen du Durangairea plataformak eskaturiko dekalogoa betetzea. “Euren eskakizunekin bat gatoz eta herriko gune guztietan neurgailuak ezartzea eskatzen dugu. Bereziki eskolak, haurrentzako jolasguneak eta osasun zentroak dauden lekuetan”, azpimarratu du koalizioko alkategaiak.

Kutsaduraren aurkako protokoloak

Herriaren Eskubideak adierazi du Eusko Jaurlaritzari airearen kutsadura kasuetarako ekintza protokolo bat martxan jartzeko eskatuko diola. “2018ko irailean alderdiak mozioa aurkeztu zuen protokoloak sortzeko eskatuz. Onartua izan zen, EAJ eta PSEren ezezkoarekin, baina, oraindik ez da gauzatu”, informatu dute oharrean.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!