Lupiañez: "Bide luzea egin behar izan dugu NBEk ebazpen hau argitaratu ahal izateko"

Markel Onaindia 2019ko mai. 22a, 13:03

Gorka Lupiañez preso durangarrak mezu bat helarazi du, Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen batzordeak bere tortura salaketa onartu eta gero. Aitortza heldu arte "bide luzea" egin behar izan duela salatu du. Izan ere, 12 urte pasa dira prozesua hasi zenetik; 2007ko abenduan atxilotu eta inkomunikaziotik irtetean ipini zuen salaketa. 

Lupiañezek uste du "garaipen bat" dela NBEk eginiko ebazpena. "Momentu honetan, torturak jasan dituzten herrikide guztien alboan jartzea gustatuko litzaidake, garaipen txiki hau beraiena ere badelako", azaldu du.

Eskerrak emateko aprobetxatu du mezua. "Bide luzea egin behar izan dugu NBEak ebazpen hau argitaratu ahal izateko. Eta bidaia luze honetan ez naiz sekula bakarrik sentitu. Zuei esker egin ahal izan dut aurrera momenturik zailenetan ere. Alboan izan zaituztet familia, lagunak, abokatuak...", esan du Lupiañezek. "Gogoan dut inkomunikazioaren ostean etxera egin nuen lehenengo dei hura, infernu hartatik bizirik irten nintzela konturatu nintzen momentua eta, nola ez, tortura latzen ostean emandako lehenengo maitasun besarkadak...", jarraitu du. Ingurukoengandik eta kaletik gutun bidez jaso duen babes horri esker, kartzelaldiko une txarretan "zulo beltzetik" ateratzea lortu izan duela nabarmendu du.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!