Gorka Lupiañez torturatu egin zutela deliberatu du Nazio Batuen Erakundeak

Markel Onaindia 2019ko mai. 20a, 16:06

Lupiañezi ezarritako zigorraren aurka elkarretaratzea egin zuten Elorrion.

2007an atxilotu zuen Guardia Zibilak Gorka Lupiañez durangarra, eta inkomunikatuta egon zen garaian torturak jasan izana salatu zuen. Estrasburgoko auzitegiak ez zuen onartu, baina NBEko Giza Eskubideen Batzordeak onartu eta arrazoia eman dio. Lupiañezen giza eskubideak urratu zirela deliberatu du.

Giza Eskubideen Batzordeak adierazi du Lupiañezek "deskripzio zehatza eta koherentea" egiten duela inkomunikazio aldian gertatutakoaz, eta mediku txostenek emandako informazioa fidagarritzat jo du, uste du bat egiten duela presoaren bertsioagaz. Markak zituela, urduri zegoela, zakilean hematoma bat zeukala, ezpainetan ultzerak zituela eta afonia zuela jasotzen dute txostenek.  Estatuak ebidentzia horien inguruan ez zuela esplikaziorik eman ere bere sententziarako arrazoitzat hartu du. Lupiañezek deklaratu zuen errepresioaren beldurragatik komisaldegian ez zuela torturen berri eman, eta NBEko batzordeak sinesgarritasuna eman dio.

Bestalde, torturen salaketagaz bide luzea egin behar izan zuen preso durangarrak; batzordeak adierazi du salatutakoa ikertzeko errekurtso efektibo baterako aukerarik ez zuela eduki, eta hori ematea exijitu dio Estatuari. Lupiañezi "justizia eta erreparazioa" eman, eta inkomunikazio aldiak amaitzea ere eskatu dio.

Beste zigor bat
2007tik kartzelan dago Lupiañez, ETAko kide izatea egotzita. Aurten beteko luke zigorra, baina apirilean 50 urteko beste zigor bat ezarri zion Auzitegi Nazionalak. Kalera dinamikatik protestara deitu zuten orduan, eta sententziagaz desadostasuna agertu zuten.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!