Durangon 1.300 langabetu daudela azaldu du Ruizek, eta, horien artean, iraupen luzeko langabeak eta 45 urteko gora dituztenak nabarmendu ditu. Ildo beretik, gaineratu du, gazte ekintzaile asko daudela baliabiderik ez dutenak, ez soilik ekonomikoak, beraien proiektuak aurrera ateratzeko. Bada, enpresa azeleragailu bat martxan jartzea proposatu dute sozialistek, "aholku eman eta laguntzeko".
Merkatu plaza eta nagusien egoitza
Bestalde, Ruizek gogoratu du Jesus Mari Pedrosa erabilera anitzeko espazioa sortu gura dutela Merkatu Plazako saskibaloi kantxan. "Egunez egunez, itzaltzen ari da plaza, eta ezin utzi horrelakorik gertatzea. Horregaitik, skate pista bat eta kultur jarduerak antolatzeko espazio ireki bat sortu gura dugu bertan, gazteek elkartzeko tokia izan dezaten", esan du alkategai sozialistak. "Era berean, guztion artean Gauera Ituna martxan jartzeko konpromisoa hartu dugu, aisiaren kudeaketarako askatasuna eta kontsumo arduratsua bermatuz", gaineratu duenez.
Astarloa Eguneko Zentroa eta nagusien egoitza ere izan du berbagai alkategai sozialistak. "Garai berriei egokitutako" zentroa eskatu dute sozialistek, "eskuragarriago eta ikusgai" egongo dena. Zahartze aktiboaren alde egin gura dute lan eta bakarrik dauden nagusientzat konpainia programak sortu. Guzti hori gauzatzeko San Agustingo ospitalea berriztu gura du PSE-EEk, Nagusientzako egoitza eta tutoretzapeko pisuak sortu gura dituzte bertan, eta Astarloa Eguneko Zentroa ere bertora eroan gura dute.
Europara begira
Eider Gardiazabal eurodiputatuak ere parte hartu du ekitaldian. Europarako hauteskundeetan botoa emateak duen garrantzia nabarmendu du eta ekitaldira bertaratu direnei "Europako enbaxadore" izatea eskatu die. "Europa defendatu dezazuen eskatzen dizuet, emandako boto horrek Europa babestu dezan, eta Europak herritarrak defendatu ditzan".