Hauteskundeak

Durangoko EH Bilduk herritarrek etxebizitza "duina" izatea eta gazteen emantzipazioa erraztea du helburu

Maialen Zuazubiskar 2019ko mai. 21a, 15:00

"Gure helburu nagusia eta politika egiteko ereduaren oinarria, herritarren bizitza duintzea da. Argi dugu, horretarako, ezinbestekoa dela etxebizta duin, egoki eta lorgarria izateko eskubidea bermatzea", adierazi du Ima Garrastatxu EH Bilduko alkategaiak. 

Herritar guztiek etxebitza "duin eta egoki bat" eduki dezaten lan egingo dutela jakitera eman dute EH Bilduko kideek. Ohar bidez esan dutenez, etxebizitzaren funtzio soziala berreskuratzea izango dute helburu, eta hori lortzeko hainbat ekimen egingo dituzte: etxebizitza parke publikoaren sorrera sustatu, alokairuzko udal etxebizitza programa garatu eta bultzatu, etxebizitza elkar trukatzeko programa garatu eta indarrean jarri, etxebizitza pribatuak alokairuzko kudeaketa publikora erakartzeko programak sortu, gazteei zuzendutako etxebizitza proiektuak sustatu, etxebizitzara sartzeko aukera desberdinak aztertu eta indarkeria matxistari aurre egiten dabiltzan eta errekurtsorik ez duten emakumeei etxebizitza duina bermatu. 

Bestalde, gazteen bizi baldintzak hobetu asmoz, alokairu soziala bultzatuko dutela eta gazteentzako "lan duina" sortuko dutela jakitera eman dute, besteak beste. 

Horrez gain, 2018an gazteentzako alokairu dirulaguntzen eskaria egin zutenek oraindik eskaririk ez dutela jaso salatu dute EH Bilduko kideek. 

Ekitaldia Ezkurdin

Bihar, 19:00etan, Ezkurdi plazan ekitaldi nazionala egingo du EH Bilduk. Bertan izango dira, Ima gure alkategaia, Bea Ilardia Bizkaiko Batzar Nagusietarako hautagaia, Arnaldo Otegi EH Bilduren idazkari nagusia eta Francisco García BNGko Allarizeko alkate historikoa.

 
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!