Hauteskundeak

Kirol ekintzen bidez euskararen erabilera handitu gura du Durangoko EAJk

Markel Onaindia 2019ko mai. 21a, 12:56

Elkoroiribe, Jaurlaritzako eta Kulturaleko ordezkariekin Tabiran.

“Udalerriko kirol taldeak inplikatuko ditugu euskara kirol ekintzetan txertatzeko, bereziki gazteenen artean; horrela gazteek aisialdiko esperientzia positiboak euskararekin lotuko dituzte, erabilerarako atxikimendua sortuz”, esan du Mireia Elkoroiribe alkategaiak.

Azken ikerketa soziolinguistikoaren arabera, Durangon %48,9 dira euskaldunak, eta %26,8 ia euskaldunak. Baina, datu horiek ez dira erabileran islatzen. Izan ere, %22,7koa da euskararen erabilera. Horregatik, "euskararen erronka erabileran" dagoela uste du Elkoroiribek. 

Jeltzaleen alkategaiak ideia horien berri eman dio Bingen Zupiria sailburuari. Biek batera herriko hainbat jarduera bisitatu zituzten atzo, euren babesa erakusteko. Durango-Durango klasikoaren hasieran egon ziren, Euskal Astearen aurkezpenean, eta Kulturalaren mendeurrenaz berba egin zuten Tabiran, futbol klubeko ordezkariekin.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!