Algaraklown taldeak ospitaleetan egiten duen lana zabaldu du Ibaizabal ikastolako ikasle talde batek

Markel Onaindia 2019ko mai. 22a, 09:04

Ibaizabal ikastolako Haur Hezkuntzako zikloko ikasleek hezkuntza arloagaz lotutako elkarteen inguruko lanak jorratu dituzte ziklo amaierako proiektuan. Berbaro, Urtxintxa, Jesuiten Etxea, Garaitza eta Algaraklown izan dira aztertutako elkarteak.

Azken talde horrek Donostiako ospitaleetan egiten du ekarpena, gaixorik dauden umeei eta euren familiei bisitak eginez, eta www.teaming.net atarian martxan duen diru bilketaren berri eman dute Ibaizabaleko ikasleek. 

Jone Rubio, Irati Ormaetxea, Oihane Ozamiz eta Mirari Urizar ikasleek landu dute azterketa. "Algaraklown proiektua ezagututakoan ikusi ditugun beharrizan nagusiak alde ekonomikoa eta ezagutzera emateko baliabideak dira", azaldu dute ikasleek. Horregatik zabaldu dute prentsara elkartearen kanpaina, eta parte hartzeko eskatu dute; hilero euro bat emateko elkartasun kanpaina da. 

Klown taldearen lana baloratu dute ikasleek. "Haurrei lagungarria egiten zaie ospitaleko espaziotik ihes egiteko, eta jolasagaz eta irriagaz batera gaixotasunari aurre egiteko tresna da", esan dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!