Hauteskundeak

"Bizitzeko eta gozatzeko Durango" baten alde agertu da Elkoroiribe, Ortuzarrek eta Urkulluk babestu duten ekitaldian

Markel Onaindia 2019ko mai. 17a, 20:59

Eguneko aberri ekitaldia Durangoko Landako Gunean egin du gaur EAJk, eta Mireia Elkoroiriberen hautagaitza babestu dute Iñigo Urkullu lehendakariak eta Andoni Ortuzar EAJko presidenteak. Unai Rementeria eta Ana Otadui batzar nagusietarako hautagaiak, Izaskun Bilbao Europarako hautagaia eta eskualdeko alkategaiak ere bertan izan dira, besteak beste.

"Bizitzeko eta gozatzeko Durango" baten alde agertu da Elkoroiribe, eta hauteskunde programako proposamen nagusiak aurkeztu ditu, Hazi, Bizi eta Izan ardatzen barruan. "Bizikleta adatz" izango duen herria diseinatu gura du, kaleak oinezkoentzat berreskuratuko dituena. Bestalde, estazioko lurrak ere berbagai hartu ditu, eta lehendakariari elkarlana proposatu dio. "Herritarren adostasunetik abiatuta, gune hori berriro ere Durangori emango diogu", esan du alkategaiak. 

Izaskun Bilbaok Durangoko bonbardaketa gogoan izan du, eta biktimentzako "egia, justizia eta erreparazioa" lortzeko Europan lan egingo duela azaldu du. Bruselan, Durangoko Azoka hizkuntza berreskurapenaren adibide lez ipintzen dutela nabarmendu du, ekitaldiaren lekuari erreferentzia eginez. 

"Pedalkadak, batera"
Ortuzarrek nabarmendu du Durangon alkatetza jeltzalea egon izan dela Frankismoaz geroztik, eta eskerrak eman dizkie herritarrei zein kargudun jeltzaleei. EAJren ereduaz, "positiboa, eraikitzailea, talde lanekoa eta elkarrizketarena" dela esan du, eta horren aurrean alternatiba "denari ezetza" ematen diotena dela. EAJren aurka daudela beste alderdi denak, baina hori "seinale ona" dela uste du, "garaitu beharreko arerioa" delako. "28an mendiko sailkapena irabazi genuen, baina 26an orokorra irabazteko dugu. Denok batera eman behar ditugu pedalkadak", esan du txirrindularitzari erreferentzia eginda. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!