Muted eta Kohatu tarteko, Baterafest lagunarteko musika jaialdia egingo dute Plateruenean, gaur

Karolina Suarez 2019ko mai. 17a, 11:00

Muted, Kohatu, Atlantida, Niketz eta Mi Dulce Geisha musika taldeetako kideek lagunartean antolatutako musika jaialdia da Baterafest. Gaur egingo dute, maiatzak 17, Plateruenean, 20:00etan. 

Jaialdia antolatzeko arrazoien artean, Berrizko Kohatu musika taldeko Joseba Romero abeslariak musikarien arteko indarrak batzeko beharra azpimarratu du: “Musika lokaletan egoten garen talde herrikoien arteko indarrak batu eta gure kontzerturik onenetariko bat emateko antolatu gara".

Elkarren arteko babesaren garrantziaz ere egin du berba: "Gure artean lagundu ezik, egungo panorama musikalean ezingo dugula lekurik egin ohartu gara". Romerok azaldu duenez, musika jaialdi asko egoteak ez du esan gura horietan talde gehiagok jotzen dutenik. Izan ere, “betiko taldeek jotzen dute toki guztietan”. Mainstream esparruaren aurrean, alternatiba sortzeko beharra gehitu du: "Herrietan eta talde txikietan ere panorama badagoela erakutsi gura dugu. Ahotsa altxatu eta hemen gaudela erakustea da asmoa". Romerok esan bezala, “leku on batean” egin gura zuten jaialdia, eta horregatik aukeratu dute Plateruena. “Durangaldean daukagun puntako lekua da. Kohatukook hainbatetan jo dugu bertan eta ikaragarria da guretzat”, azaldu du. Bariku honetan Kohatuko kideek izango duten jarrera nabarmendu gura izan du: “Oholtza gainean den-dena emateko prest gaude, ilusio guztiagaz gogor ekiteko prest. Basatiagoak gara orain, baina modu sotilean”, argitu du. Abadiñoko Muted talde gonbidatua izango da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!