"Modan arriskuak hartzen dituzten emakumeen estiloa gustatzen zait"

Jone Guenetxea 2019ko mai. 17a, 09:30
Argazkia: Lehior Elorriaga

80ko hamarkadako emakumeen ausardiak inspiratzen du Maialen Illescas diseinatzailea. Moda munduan lehenengo pausoak ematen dabil Goienkalen duen estudioan. Ilusioa darie bere berbei. 

Zelan hasi zinen moda munduan? 
Gizarte Hezkuntza ikasi nuen, Donostian. Baina ama jostuna izateak asko eragin dit. Beti ikusi izan dut dendetarako lanean, bere modeloak egiten. Bere trajeak egiten ikusi dut ispiluaren aurrean. Amaren armairuan dagoen ia dena berak eskuz egindakoa da. Txikitatik zaletasun hori izan dut. Modaren munduan interesa piztu zitzaidan eta aldizkariak eta liburuak ere irakurtzen nituen. 

Orain moda ikasten ari zara.
Pertsonekin lan egiteko bokazioa nuenez, Gizarte Hezkuntza ikasi nuen. Etxean ere karrera bat ikasteko esan zidaten, eta horrela egin nuen, Donostian. Urtebete egon nintzen arlo horretan lanean, eta oso pozik nengoen. Baina pentsatu nuen moda ere gustuko nuela eta orduan ikasi ezik, aurrerago oso zaila izango zela. Inedi Design School eskolan izena eman nuen, Bilbon. Nire lekuaren bila nenbilen mundu horretan, eta amak ere asko animatu ninduen. Aurtengoa laugarren urtea da. 

Zelan sortu duzu Dossis Designs? 
Amak egindako arropagaz jantzita ikusten genuen jendea kalean ahizpak eta biok. Sormen lan horri izen bat jarri behar geniola pentsatu genuen. Dossisek 'Dos sisters' esan gura du. Ama niri beharra ematen hasi zen. Alkandorak egiten eta txaketak kustomizatzen hasi nintzen. Dossis Designsen logoa ere sortu genuen. Amaia Zaitegik egin zuen.

Ahizparen ezkontza inflexio puntu bat izan zen zure moda ibilbidean.
Janiregaz bere ezkontza soinekoa aukeratzera joan ginen ama eta biok. Ahizpari ez zitzaion bakar bat ere gustatzen. "Diseinatu dezagun guk nire ezkontzako soinekoa", esan zidan Janirek. Amak ez zuen ordura arte horrelako jantzirik egin ezkongaientzat. Ezkontza horretarako, hirurok geure jantziak diseinatu behar genituela ikusi zuten ahizparen lagunek. Instagramen argazkiak jartzen hasi nintzen. Jendeari gustatu egin zitzaion eta euren ezkontzetarako jantziak eskatzen hasi ziren. Etxean hasi ginen diseinatzen. Barregarria da. Jendea zetorrenean, aita eta txakurra kanpora botatzen genituen (barrez). Jendeari tratua gustatzen zitzaion eta pozik irteten ziren. Orain, estudioa dut Goienkalen. 

Jendea ideia zehatz bategaz ala aholku eske joaten zaizue?
Nik estilo nahiko alternatiboa daukat, batzuetan retroa. Garrantzi handia ematen diot ehunari. Ideia finko bat duenari beste aukera batzuk ematea da nire asmoa. Lehen, jendeak eskatzen zuena egiten nuen, gustuko ez nituen gauzak ere bai. Orain ere egiten ditut enkarguzko lanak. Baina etxean lan egiten genuenean ez nuen identitaterik. Nik beste estilo bat nuen. Modista legez lan egiten nuen, eta ez diseinatzaile moduan. Horrek frustrazio handia sortu zidan. Uda horretan Madrilera joan nintzen, ekintzaileen terapia ikastaro batera, La casita de Wendyra, Ines Aguilarregaz, eta asko lagundu zidaten. Berriro ere nire lekua bilatzen nenbilen. Arlo profesionalean han bideratu ninduten.

Zure identitateari eutsita, aurkezpena egin zenuen Bilbon. Zelako esperientzia izan zen? 
Fashion Kultur Bilbao aukera handia izan zen. Zaloa Ferreiro ikaskidea zen eta kolekzio bat aurkezteko proposamena egin zidaten. Nire esentzia jendaurrean erakusteko aukera moduan hartu nuen eta oso esperientzia polita izan zen. 

'Shine on' izena jarri zenion kolekzioari. Zergatik?
Gizarte Hezkuntzak eta modak badutela lotura konturatu naiz. Modak badu alde terapeutiko bat. Emakume batek duen segurtasun falta gainditu eta ahalduntzeko tresna bat izan daiteke. Horregatik jarri nion Shine on (distiratu) izena Bilboko desfileari.

Sortzaile moduan, zein da zure inspirazio iturria?
80ko hamarkadako moda izugarri gustatzen zait. Sasoi hartako emakumeak ahaldunduta ikusten ditut. Egun batean koloretako legginsak jartzen zituzten, sorbaldakoak, ileak gura zituzten moduan... Orain, ostera, atzera egin dugula ematen du, eta modan zurrunagoak garela. Horregatik, diseinatzen dudan guztia 80ko hamarkadakoa izan ez arren, espiritu horregaz lan egiten dut. Horregatik, estudiora datozenei jolastea proposatzen diet eta sekula ere bururatu ez zaizkien arropak probatzea. Askotan sorpresa asko izaten dira. Gauza berriak probatzea proposatzen diet. Eta jendeak errepikatu egiten du, gustatzen zaien seinale.

Jendeak baloratzen du zuen lana?
Alde batetik, orain modan dago jantziak neurrira egitea. Hala ere, oraindik badago jendea landutako arropa gura duena, baina merke. Baina ez da oihala bakarrik ordaintzen, jakina. Prozesu guztia hartu behar da kontuan.  Gainera, neurrira egindako jantziak oihal onekin egin behar dira, denean igartzen delako. 

Zein moda gustatzen zaizu?
Modan arriskuak hartzen dituzten emakumeen estiloa gustatzen zait. "Hori da itxura", esango du beste batek, baina niri ikaragarri gustatzen zait. Agian argazki bat aterako diot. Nik amamaren alkandorak hartzen ditut niretzat. Zorrotzegi epaitzen dugu geure burua, arau larregi ditugu modan, eta niri zoramena gustatzen zait.

____________________________________________________________________________________________

'Kaleko Divak' proiektua, Eloi Landiagaz batera

Illescas moda ikasketa amaierako proiektuan buru-belarri sartuta dago. Ekainaren 27an, Kaleko Divak kapsula kolekzioan sei look aurkeztuko ditu Olabeagan. "Eloi Landiaren margoetan inspiratzen naiz. Bera arkitektoa eta artista da. Pertsona geometrikoak agertzen diren koadroak sortu ditu. Margo horien zatiak hartu ditut eta nire koloreekin estanpatua sortu dut". Kaleko Divak izena jarri dio proiektuari. "Divoak ere izan daitezke". Proiektuaren editoriala egiten ari da Illescas, eta Eloi Landia irtengo da argazki horietan. 

Bilboko erakusleihoan
Diseinuaren munduan hasten ari diren hiru diseinatzaileri Bilboko Ertzilla kaleko erakusleiho batean euren kolekzioak jartzeko aukera eman die YIMBY Bilbao ekimenak. Maialen Illescas durangarra izan da horietako bat, Nerea Aperribai eta Zaloa Ferreiro diseinatzaile gazteekin batera. Astebetez bere diseinuak espazio horretan ikusgai izan dira. "Sekula ez nuen horrelako erakusleihorik jarri. Denetarik eraman nuen ingurua atontzeko, nire bikotekidearen laguntzagaz". Aukera ederra izan du durangarrak bere lanak jendaurrean jartzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!