Hauteskundeak

Trenbideko lurretan hamar guneko "arnasgunea" egitea proposatu du Durangoko EH Bilduk

Aritz Maldonado 2019ko mai. 15a, 12:55

Martxoak 31 parkea "Durangok behar duen birika berdea izango da" azaldu du Ima Garrastatxu koalizio abertzaleko hautagaiak. Proposamena lotuta dago lur horien inguruan egitekoa litzatekeen galdeketari.

"Durangarrek lur horietarako proiektatuak dauden bost dorreen proposamena galdeketaren bidez gelditzea erabakitzen badute, hau da gure proposamena" azaldu du EH Bilduren alkategaiak. Martxoak 31 parkean hamar gune egitea aurreikusten du koalizio abertzaleak, besteak beste, kultur ekimenak egiteko anfiteatro bat, umeentzako jolasgune estali bat, tren geltoki "duin" bat, baso txiki bat, frontoi estali eta irekia edota gimnasia makinak. 

Koalizio subiranistak zazpi ildo nagusitan oinarritzen den programa parte hartzailea osatu du. Azken lau urteetan eginiko auzo batzarretan, edota elkarteekin eginiko batzarretan ondorioztatutako 300 proposamen zehatz bildu ditu bertan, gainera. "Durango hobeago bat lortu gura dugu, demokratikoagoa, aurreratuagoa, herritarragoa, bizigarriagoa, anitzagoa, auzotarragoa eta durangarragoa" laburtu du Aritz Bravo hautagaiak.

Auzoetako zinegotzien figura sortzea da EH Bilduk aurkezturiko beste proposamen bat. "Eraikin publikoak konpondu eta herritarren eskura jarriko ditugu auzo ezberdinetan, baita ere" azaldu du Iker Urkizak. Auzotarren erabilerako atontzea proposatu dituzte, besteak beste, Correoseko eraikin zaharra, Murueta-Landako jauregia, edota San Faustoko Kapitenea baserria. Ildo beretik, "burokrazia errazteko pertsona bat" ezartzea proposatu du EH Bilduk.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!