Hauteskundeak

Mugikortasun plan bat landu gura du PSE-EEk, Durango "ke gabeko eta trafiko gabeko" herria bihurtzeko

Anboto 2019ko mai. 14a, 21:30

Durangoko Udalerako hautagaien zerrenda eta landutako herri programa aurkeztu du PSE-EEk, gaur, Elkartegian. Ekitaldira hurbildu dira Patxi Lopez PSOEko Politika Federaleko Idazkaria eta lehendakari ohia, eta Txema Oleaga senatorea ere bai.

Jesica Ruiz alkategai sozialistak azaldu duenez, "eskualdeko buru izango den Durango lortu gura dugu, bilakaera izango duena, lehenik eta behin pertsonengan pentsatuko duena, jasangarria eta berdintasunean oinarritukoa" eta guzti hori lortzeko talderik "onena" batzea lortu duela nabarmendu du. Hiru ardatz nagusitan lan egingo dutela adierazi du Ruizek: industria eta enplegua, jasangarritasuna eta gizarte ekintza.

Enplegua eta mugikortasuna

Durangon 1.247 langabe daudela gogoratu du alkategai sozialistak, "eta horien alde lan egin behar dugu". Era berean,PSE-EEk merkataritza dinamizatzeko ekintzak bultzatuko dituela adierazi du, eta mugikortasun plan bat landuko dutela, "ke gabeko eta trafiko gabeko Durango" bat lortzeko. Horrekin lotuta, "ezinbestekoa" deritzo Urki-Hegoalde errepidea amaitzea, eta, disuasio-aparkalekuak sortzea; lau proposatu dituzte: Tabiran, Larrasoloetan, Olleria kalean eta Landako etorbidea amaitzen den inguruan.

Nagusientzako akonpainamendu egitasmoa landu gura dute, Ruizek gaineratu duenez, eta, "berdintasun arloan eta genero biolentziagaz lotuta egindako lanarekin jarraituko dugu, eredu bihurtu gaituen lan horrekin". Bestalde, Merkatu Plazaren alboan dagoen kirolgunean erabilera askotariko zentro bat sortzeko proposamena landuko dutela aurreratu du . "Zentro horri Jesus Mari Pedrosa izena jartzea proposatuko dugu, memoria historikoan lanean jarraitu beharra dagoelako".

Rubalcaba gogoan

Durangoko Batzorde Exekutiboko idazkari den Fernando Castillok sozialistek aurkeztutako hautagaiaren formazioa eta gaitasunak nabarmendu ditu, eta gogoratu du alderdi sozialistak 1932. urtetik duela ordezkaritza Durangon. Bai Castillok bai Txema Oleaga Alfredo Perez Rubalcaba hartu dute gogoan, besteak beste, Espainiako Barne Ministroa izan zena, asteburuan hil den politikari sozialistak egindako lana gogoratu dute biek.

 

Hautagaien zerrenda

  1. Jesica Ruiz Perez
  2. Fernando Castillo Rodriguez
  3. Helena García Centeno
  4. Jóse Antonio Alonso Intriago
  5. Adoración Martínez López
  6. Juan Antonio Martín Prado
  7. Carmen Rodríguez Gato
  8. Luciano Lopez Santos
  9. Sheila Gonzalez Santos
  10. José Antonio Delgado González
  11. Maria Rodríguez Moya
  12. José Angel Orbegozo Ercilla
  13. Yoana Menchaca Sanchez
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!