Durango Berdea da hauteskunde-programako ataletako bat. Arlo horretan bizilagunentzako esparru publikoa berreskuratzea “ardatz” izango duen "hiri eraldaketa eredua" garatu nahi dute, ohar batean jakinarazi dutenez. Horretarako, herritarren osasun fisikoa sustatuko duten oinezkoentzako ibilbideak sortzea proposatzen dute, hala nola, eskola ibilbide seguruak egitea, ongi konektaturiko bidegorria osatzea eta esparru berdeak handitzea. “Durangok 8 metro karratuko esparru berdeak ditu biztanleko, MOEk gomendaturiko 10 metro karratuetatik urrun. Horregatik, trenen lurren inguruko galdeketaren harira, arnasgune berdearen eta herritarrentzako zerbitzuen aldeko apustua egiten dugu”, adierazi du Julian Riosek, Elkarrekin Podemos eta independienteekin batera koalizioan aurkeztuko den Herriaren Eskubideko alkategaiak.
Urki-Hegoalde eraztuna
Trafikoari dagokionez, “lehentasunezkoa” deritzote Urki-Hegoalde kanpoaldeko eraztunaren lanak bukatzeari eta baita oinezkoen irlak sortzeari. “Zalantzarik gabe, trafikoa gutxitzeak bizi-kalitatea hobetuko du, ingurumen eragina murriztuko du eta gizarte kohesioa handitzen lagunduko digu”, azpimarratu du Riosek.
Ingurugiroaren arloan, koalizio moreak Energia Eraginkortasun Plana garatzea proposatzen du, honen “lehentasuna” herriko argiteria instalazioen berrikustea izango delarik. “Ez bakarrik gastu energetikoa murrizteko, baizik eta segurtasuneko puntu beltzekin bukatu ahal izateko. Neguko itzalaldiekin bukatu beharra daukagu, durangarrak beldurrik gabe kaletik ibili ahal daitezen”, esan du Riosek.