Bertso saio esperimental batekin ospatuko dute Museoen Eguna Durangon

Aritz Maldonado 2019ko mai. 14a, 14:35

Programazio berezia prestatu dute Durangaldeko museoetan maiatzaren 18a ospatzeko. Mañariko Hontza museoan, esaterako, laborategia eta biltegia erakutsiko dituen bisita gidatua prestatu dute. 

1977. urtetik, mundu osoko museoetan ospatzen da Museoaren Eguna. Durangoko Arte eta Historia museoak artea, museoa, pintura eta bertsolaritza uztartuko dituen ekitaldi berezia prestatu du aurtengo edizioa ospatzeko. "Bertsoa museoetan gorde ezin den ondare inmateriala da, horregatik ekarri gura izan ditugu bertsolariak plazatik museora. Zerbait berezia eskaintzea gura dugu", azaldu du Garazi Arrizabalaga museoko zuzendariak. Igor Elortza eta Miren Amuriza bertsolariek abestuko dute saioan, eta Maite Berriozabalek jarriko dizkie gaiak. Maiatzaren 18an, 19:00etan hasiko da saioa, eta doakoa izango da. 

Museoen eginkizuna aldatu egin da urteetan. Egun, "turista kultural" kopurua hazi egin dela azaldu du Kati Simon Urkiola Landa Garapen Alkarteko turismo teknikariak, eta museoak faktore horretara egokitu egin behar izan dutela azpimarratu du. "Ikustera bakarrik ez, gaur egun, tailerretara edota bisita gidatuetara hurbiltzen da gehiago jendea, eta horrek parte-hartzaileago bilakatzen ditu museoak".

Hontza museoan ere, bisita berezi bat antolatu dute museoen eguna ospatzeko. "Bisitariek nola lan egiten dugun ikusi ahalko dute" azaldu du Leire Huerta Natur Zientzien Hontza museoko zuzendariak. Maiatzaren 18an, 13:00etan izango da bisita berezia. Munduan, 40.000 museo inguru daude; Durangaldean, bost: Durangoko Arte eta Historia eta Kurutzesantu museoak, Mañariako Hontza museoa, Berrizko Margarita Maria museoa, eta Elorrioko Balentin Berrio-Otxoa santuaren museoa. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!