“Garrantzitsua da auzotarrak elkartu ahal izateko espazioak izatea auzoan bertan, herriko beste leku batzuetara joatea sarri ezinezko izaten baita jende nagusi eta haur eta umeentzat. Auzo asanbladetan ardura hau helarazi izan digute askotan, eta arazo honi soluzio bat bilatzeko planteatzen dira auzo-lokalak", azaldu du EH Bilduk. Bestalde, herri mailan, Correosen eraikin zaharra eta Landako Gunea ere erabilera anitzetarako izan ahal direla uste dute.
EH Bildu auzo batzarrak egiten dabil egunotan; atzo Muruetatorre eta Landakokoekin batu ziren, adibidez. Gaur Tabirako bizilagunekin batuko dira, 19:00etan, Ibaizabal ikastolan. Hilaren 14an Madalena, Sasikoa, Juan Olazaran eta San Inaziokoekin, Udal Euskaltegian. 15ean San Roke, Askatasun, Aramotz eta Astepekoekin Zabalarran. 16an Ezkurdi, Montebideo eta Kurutziagakoekin, Plateruenean. 21ean Antso Estegiz, Juan Itziar eta alde zaharrekoekin San Antonio ikastetxean. Batzar denak 19:00etan hasiko dira.