Hauteskundeak

Alkateagaz auzo batzarrak egitea, Herriaren Eskubidea koalizioko 317 proposamenetako bat

Anboto 2019ko mai. 9a, 21:05

40 bat herritarren aurrean, hauteskundeetarako prestatu duen programaren berri eman du Herriaren Eskubidea - Elkarrekin Podemos - Independenteak koalizioak Goienkaleko egoitzan. 15ean behin alkateagaz auzo batzarrak egitea da euren ideietako bat, eta auzoetan zentro zibikoak eraikitzea ere aldarrikatu dute. 317 ekintza zerrendatu dituzte.

Julian Rios eta Neskutz Rodriguez hautagaiek azaldu dute duela lau urteko programaren jarraipena dela orain landutakoa. Riosen esanetan, puntuetako batzuk udalean aurkeztu eta onartu dira, baina gero praktikara ez direla eraman salatu du. Adibidez, airearenagaz. "Orain euren programetan ipini izana lotsagarria iruditzen zaigu". Riosen iritziz, airerari buruz ez zen informaziorik ageri Herriaren Eskubideak "eztabaidaren erdigunera ekarri arte".

Rodriguezek dio gaur aurkeztutako programa azken 5 urteetan "kalean, sare sozialetan eta instituzioetan" eginiko lanaren emaitza ere badela. Legealdi batez egon arren, "esperientzia gehien" duen hautagaitza dela nabarmendu dute.

Bestalde, amaitzear den legealdian euren aldarrietakoak izan diren 24 orduko pediatria eta estazioko galdeketa babestu dituzte. San Agustineko ospitale zaharrean adin guztietarako kultur espazio bat sortzea proposatu dute, eta indarkeria matxistari aurre egiteko ikastetxeetan sentsibilizazioa lantzea. "Oso kezkatuta gaude indarkeria matxistak Durangon izan duen gorakadaz, batez ere gazteen artean", esan du Neskutz Rodriguezek.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!