Atara Zaratak 'Erreginak' obra estreinatuko du Sorginola gaztetxean zapatuan egingo den mikroantzerki maratoian

Aritz Maldonado 2019ko mai. 10a, 12:00

Bizkaiko lau antzerki konpainiak (hauetako hiru Durangaldekoak) indarrak bildu, eta euren azken obrak eskainiko dituzte Durangoko Sorginola gaztetxean, maiatzaren 11n. 

Horietako bat, Atara Zarataren Erreginak, estreinakoz ikusi ahalko da, gainera. Hain zuzen ere, obra hori da ekimenaren abiapuntua: "Gurea bakarrik estreinatu beharrean, inguruko taldeekin zerbait egitea pentsatu genuen", azaldu du Markel Ganboa kultur elkarteko kudeatzaileak. Horrela, Buru t'erdi abadiñarrek Jornadas Marianas, Saregabe santurtziarrek Oaxaca en dos, eta Paganini konpainiak Lolipop obrak antzeztuko dituzte. "Drama bi eta klown ikuskizun bi izango dira". Zenbait emanaldi egongo dira, 20:00etan hasita, eta sarrerak 19:00etan jarriko dituzte salgai.

Formatu berritzailea
Ganboaren berbetan, mikroantzerkiak tendentzia izaten ari dira antzerkigintzan: "Madrilen, adibidez, horrela egiten ari dira antzerki saioak egun, eta Atara Zaratan formatua Durangora ekartzeko proposatu nuenean, ideiak harrera ona izan zuen". Hain zuzen ere, kultur elkartearentzat erronka bat izan da formatu honetara moldatzeko lan egitea. "Gainera, Sorginola beste modu batera ezagutzeko aukera eskainiko du maratoiak, zenbait gunetan izango baitira emanaldiak", gaineratu du.

Literatura Sorginolan
Beste urte batez, 24 ordu paperean sorkuntza-jolasean aritzeko aukera ere egongo da asteburu honetan Sorginolan. Antolatzaileek emandako gai eta berba bat abiapuntu moduan hartuta, testu bat osatu beharko dute parte-hartzaileek. Maiatzaren 11n jakinaraziko dituzte gaia eta berba, 12:00etan, sare sozialen bidez.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!