Ane Labaka bertsolariak azaldu bezala, batzuek feminismoaren inguruko obra dela diote, baina ez da hori bakarrik: “Eduki aldetik, gehiago gustatzen zaigu esatea genero ikuspegia duela obrak zeharlerro moduan; umorea azpimarratzea ere gustatzen zaigu”.
Entzulearengan eragina izateko erabili dute umorea. “Umorea sekulako arma da esateko daukaguna adierazteko”, azaldu dute. Diskurtso aldetik, ideiak beste era batera plazaratzea da Egizabalen eta Labakaren asmoa: “Beste modu batean esateko, kontzientziak eta gorputzak astindu eta eragiteko balio digu umoreak”.
Labakaren esanetan, artista biek askotan entzun behar izan dute erradikalak direla. “Guk eta feminista askok”, diotenez. Izatez, hortik dator ikuskizunaren izenburua. “Neurritasun baten barruan gura gaituzte gauzak egiterako orduan; borroka feminista oso ondo dago, baina neurri batean. Hortik aurrera, erradikalak ei gara”. Ideia hori hartu eta aldatu egin gura izan dute artistek. “Erradikal berba 'erro'tik dator etimologikoki”. Eta hori da gura dutena: “Sustraitik aldatu gura ditugu gauzak, berbok era negatiboan erabiltzen dutenei hauxe esateko: 'Bai. Erradikalak gara eta izaten jarraitu gura dugu'”.
Labaka bertsolariak eta Egizabal bakarrizketalariak elkarrekiko mirespenetik sortutako obra da hau.