Barikuan izango da 6. Hitzez eta Ahotsezeko irakurtaldia

Aritz Maldonado 2019ko mai. 9a, 16:23

Euskal literatura jendarteratzea du helburu Hitzez eta Ahotsez ekimenak, eta aurtengo edizioak, seigarrenak, 'Askatasuna' du ardatz. 17:00etan hasiko da irakurtaldi girotua. Aurretik, 14:30ean, bazkaria egongo da Plateruenean. 

 "Askatasuna bere zentzurik zabalenean planteatu dugu, askatasuna zein askatasun eza", gaineratu du Endika Blanco antolatzaileak. "Esango nuke sortzaileei ere apur bat gehiago kostatu zaiela", arrazoitu du Marisa Barrena kideak. Hala ere, ahaleginak merezi duelakoan daude antolatzaileak: "Ale ederrak batu ditugu", borobildu du Blancok. Horrela, euskal literaturako egile garrantzitsu askoren testuak entzungo dira Plateruenean. "Denetarik egongo da: bertako idazleak, bertakotuak, itzulitakoak, garaikideak, antzinakoak..." gehitu du. "Gerra garaiko idazleek ere garrantzia edukiko dute, Lauaxetak adibidez. Horrez gainera, emakumezkoak ere kontuan hartu ditugu". Angela Davis, Mari Luz Esteban, Karmele Jaio eta Itxaro Bordaren testuak irakurriko dituzte, besteak beste. Durangaldeko zenbait idazleren testuak ere irakurriko dituzte, eta eurek ere parte hartuko dute irakurraldian. 

Gaiaren inguruan, ia 300 parte-hartzailek eurek aukeratu edo sortutako testuak irakurriko dituzte. Antzerkilariak, musikariak eta dantzariak ere arituko dira euskarazko literaturaren piezak taula gainean erakusten. "Bakoitzak bere ekarpena egin gura dio ekitaldiari, oinarrian literatura edukita, nola ez" azaldu du Barrenak. 17:00etan hasiko da irakurraldi girotua, eta gauerdian amaituko da, Luhartzegaz.

Hilabeteetako lana
Hitzez eta Ahotsez ekimenaren seigarren edizio honi Uxue Alberdik eman zion hasiera, Askatasuna Bertsoraino berbaldiagaz; otsailean eta martxoan urteroko solasaldi dialogikoak egin zituzten, eta apirilean, bestalde, Dorleta Kortazar ipuin kontalariak Berba Kateauak ipuin saioa eskaini zuen. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!