Maria Pilar Palencia izango da zerrendako bigarrena, eta urte askoan zinegotzi izandako Juan Jose Gastañazatorre hirugarrena. Hain zuzen, berari eskerrak eman dizkiote Egiluzek eta Raquel Gonzalez alderdiko Bizkaiko presidenteak. Egiluzek esan du "harrotasuna" dela Durangoko alkategai izatea, baita ETAk hildako Jose Mari Pedrosaren lekukoa hartzea ere, besteak beste. Gonzalezek ere Pedrosa izan du gogoan. "Inork ezin du esan hemen PPk dena eman ez duenik".
"Durangarren bizi kalitatea hobetzeko" lan egingo duela azaldu du Egiluzek. Jolasguneetan aterpeak ipintzea, kaleetan polizia gehiago egotea, airea ikertzea, enpresekin sinergiak sortzea, aparkaleku gehiago zabaltzea eta babeseko etxeak eraikitzea dira bere ideietako batzuk. Estazioko proiektuaren inguruan, etxe dorreak egitea baztertu du, eta etxe horiek "herriko paisajea eta arkitektura errespetatuz" eraikitzea proposatu du.
Lapurretak %20 igo direla
Gonzalezek adierazi du "segurtasun arazoak" dituen herria dela Durango, eta hori konpontzea izango dela euren helburuetako bat. Bere esanetan, herrian lapurretak %20 igo dira, eta %40 komertzioen arloan.