“Esango nuke Virginia Woolfen barne bakarrizketek eragina dutela nire idatzietan”

Karolina Suarez 2019ko mai. 7a, 09:00

'Kresal Haizea' lanagatik narrazioen alorreko bigarren saria jaso du Leire Vargas durangarrak, 14-17 urte bitarteko gazteen mailan. 135 lan aurkeztu dituzte guztira, eta epaimahaiko kideek idatzien originaltasuna eta landutako gaien indarra nabarmendu dute. 1991tik, sari honen helburua idazle gazteak literaturara erakartzea da. Besteak beste, Arkaitz Estiballesek, Uxue Alberdik eta Nerea Ibarzabalek irabazi dute aurretik.

Espero zenuen saria irabaztea?
Egia esan, ez. Ipuina idatzita nuen, lanagaz gustura nengoen eta bidaltzea erabaki nuen. Gaia nahiko intimoa da. Uste nuen ez zela edonor erakartzeko modukoa, eta jendea ez zela identifikatuta sentituko. Irabazteko aukera gutxi ikusten nituen.

Zer kontatzen du 'Kresal haizea' narrazioak?
Neska baten bizitzako lehenengo 20 urteak kontatzen ditu. Bost urteko tarteetan egiten du salto istorioak, eta urte horietan bere identitatearen parte bat nola bizi duen kontatzen du. Neskak gustatzen zaizkio, baina hasieran ez daki hori, txikia delako. Horretaz konturatuta, hasieran ez du onartuko, baina gero bai.  

Ez da irabazten duzun lehenengo literatur saria.
Idazteko grina aspalditik datorkit. Betidanik gustatu izan zait bizitako gauzak idaztea. Baita pentsamenduak eta fikzioa ere.

Ze gai dituzu gustukoen idazterakoan?
Askotan, bizipenek sentiarazten didatena. Esploratzea gustatzen zait, beste pertsonen sentimenduetan, nireetan arakatzea. Horrez gainera, gai sozialak lantzea ere gustatzen zait: injustiziak eta zapalkuntzak.

Baduzu erreferentziarik?
Esango nuke Virginia Woolfek erabiltzen dituen barne bakarrizketak eragina dutela nire idatzietan. Pertsonaien sentimendu eta pentsamenduei ematen diet garrantzia. Batzuetan, ekintzei baino gehiago.

Emakumezkoek irabazi dituzue Azkue Saririk gehienak.
Nire adinean, bereziki neskok daukagu literaturarako joera nabarmena. Agian, hori barneratuko genuen. Inposatutako rol horren barruan, horretarako joera dugu. Guk joera gehiago dugu gure sentimenduak adierazteko orduan, eta askotan idazteak badu horregaz zerikusia.

Baduzu beste narrazio lanik esku artean?
Bertso eskolan hasi berri naiz, eta, momentuz, bertsoak eta poesia sortzen nabil gehienbat. Orain ez daukat denbora askorik, baina baditut zenbait ideia narrazioak egiteko. Udan horiei ekiteko asmoa daukat.

Euskaraz idatzi izan duzu beti?
Egia esan, ez. Azken urteetan hasi naiz euskaraz idazten eta oso eroso sentitzen naiz. Bolada batean, ingelesez idazteko joera handia nuen. Erraztasun handia daukat eta zenbait gaitan errazagoa egiten zitzaidan.

Hautu bat da euskaraz idaztea?
Hemendik aurrera, euskaraz idazteko asmoa dut. Euskal idazleok gure hizkuntzan idaztea zor diogu euskarari.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!