“Ondo egon izan banintz, aurreragoko postuetan egoteko aukera izango nuen"

Aitziber Basauri 2019ko mai. 5a, 10:30

Ondoezik sentitu zen Irene Loizate  joan zen apirilaren 27an izandako Munduko Duatloi Txapelketan. Ez zen gustura sentitu lasterketagaz, baina 10. postuan geratzea lortu zuen. Duatloilarien munduko sailkapen nagusian 14 postu irabazi ditu eta 13. tokian kokatu da. Ekainean, Europako Txapelketan parte hartu gura du. 

Pozik zaude Munduko Duatloi Txapelketan egindako lanagaz?
Ez nintzen gustura gelditu egindako lasterketagaz. Astebete lehenago gaixotu egin nintzen, gripe apur bategaz egon nintzen, eta lasterketa egunerako osatuta egongo nintzela pentsatu nuen arren, egunean bertan sukarra izan nuen eta ez nintzen ondo ibili.

Hala ere, hamargarren postuan gelditzea lortu zenuen.
Munduko txapelketa izanda postu nahiko ona lortu dut, bai. Baina erritmoak ikusita, entrenamenduetan egindako lana kontuan hartuta, ondo egon izan banintz aurreragoko postuetan egoteko aukera izango nuela uste dut.

Non sentitu zara hobeto, bizikletan ala korrika?
Lasterketa honetan, denean sentitu naiz txarto. Korrikako tartean indarrik barik sentitu nintzen eta, horren ostean, eustea eta lasterketa amaitzea zen kontua. Ez nuela ezer egiterik ikusi nuen.

Bizkaia-Durango txirrindularitza taldean, 23 urteko batez bestekora heltzen ez den gazte taldeagaz hasi berri zara martxoan. Horrek lagundu dizu bizikletako errendimendua hobetzen?
Bai. Txirrindulari talde batean egoteak entrenatzera motibatzen zaitu. Gainera, eurekin ibilitako lasterketetan ikasi egiten da eta horrek ere asko laguntzen du.

Munduko Txapelketaren ostean, zein duzu hurrengo erronka?
Inguruko lasterketetan ibiliko naiz maiatzean; dauden bizikleta probetan ere bai. Bestalde, ekainaren 30ean Europako Duatloi Txapelketa jokatuko da eta parte hartuko dudala uste dut. Hasiera batean ez nuen asmorik, baina Munduko Txapelketa txarto joan dela ikusita, Europako Txapelketan parte hartuko dudala uste dut. Horren ostean, ikasketetan zentratuko naiz.

Munduko Duatloi Txapelketak utzitako arantza kentzen lagunduko dizu Europakoak?
Hori espero dut. Munduko Txapelketan lehenengo postuetan geratu zirenek Europako Txapelketan ere parte hartuko dute. Beraz, maila berdina egongo da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!