Hauteskundeak

Durangon auzo-zinegotzien figura sortzea proposatu du Herriaren Eskubideak

Markel Onaindia 2019ko mai. 2a, 13:25

Parte-hartzea handitzeko asmoz hainbat neurri aurkeztu ditu Herriaren Eskubideak, udal hauteskundeei begira (Elkarrekin Podemos eta Independenteekin batera doa). Tartean, auzo-zinegotzien figura sortzea proposatu du Julian Rios alkategai duen alderdiak. Horren bidez, udalaren eta herritarren arteko komunikazioa erraztuko dela uste du. Gainera, auzoetako eragileen topagune izango liratekeen auzo kontseiluak eratzearen alde agertu da.

“Herritarrek gai publikoen kudeaketan egunero parte-hartzeko eskubidea dute. Udaleko bizitza publikoan eragile izan behar dute eta ez ikusle bakarrik”, adierazi du Riosek. Aurrekontu parte-hartzaileak lantzea, Agenda 21 programa berreskuratzea eta Consul programa ezartzea dira beste neurrietako batzuk.

Bestalde, kargudunen soldatak murrizteko ideia plazaratu du. 2015ean udalera heldu zirenean ere proposamen bera egin zutela, baina EAJ, PSE-EE eta PP aurka agertu zirela gogoratu du Riosek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!