Amildegiaren ertzean dago Durangoko Kulturala: derrigor irabazi behar du zapatuan, eta Real Unionen hutsa itxaron

Joseba Derteano 2019ko mai. 2a, 13:00

(Argazkia: Durangoko Kulturala / Luis Iturrioz).

Hiru jardunaldi falta dira Bigarren B Mailako liga amaitzeko, eta Durangoko Kulturalak ia ezinezko du mailari eustea. Sailkapeneko azkeneko tokian, geratzen den guztia irabazi eta beste emaitzen zain egon behar du.

Lehenengo finala zapatu honetan jokatuko du, 17:30ean. Leioa taldea dator Tabirara. Leioak talde ona du eta zazpigarren dago, baina ez du ezer jokoan. Egoera hori ez da berriro gertatuko. Hurrengo aurkari biek, seguruenik, asko izango dute jokoan: Gernikak mailari eustea, eta Oviedok igoera fasea.

Leioaren kontrako partidu garrantzitsuaren atarian, klubetik Tabirara joateko deia egin diete zaleei sare sozialen bidez.

Real Union jaitsierako promozio postuan dago. Bere azpitik dauden denen esperantza bakarra da. Ez dago hori baino gorago joaterik dagoeneko. Kulturalak zortzi puntura du postu hori. Beraz, Real Unionek asko jota puntu bat bakarrik batzea behar du Kulturalak, bien artean durangarrek gol alde hobea dutela kontuan hartuta. Joanekoan husna berdindu zuten eta itzulikoan Kulturalak 0-2 irabazi zuen han.

Zapatuko jardunaldiak berezitasun bat izango du. Real Unionen eta Vitoriaren arteko partidua 16:00etan hasiko da, Tabirakoa baino ordu eta erdi lehenago. Beraz, Durangon zelairatzen direnerako Irungo partidua azken txanpan egongo da. Beste kontu bat da Kulturaleko jokalariek emaitza zein den jakin gurako duten eta emaitza jakinda zelairatzea komeni den.

Piztualdia eta kolpea
Kulturalak piztualdi itxaropentsua izan zuen otsailean eta martxoan. Bost jardunalditan lau garaipen pilatu zituen Langreori (1-0), Xixongo Sporting B-ri (1-2), Real Unioni (0-2) eta Athletic B-ri (3-2) irabazita. Ematen zuen miraria egia bihurtzeko kapaz izango zirela, baina Tudelanoren kontrako porrotak (1-0) amaiera jarri zion joera on horri. Hurrengo, partidu zoro batean, launa berdindu zuen Torrelavegako Gimnastika taldearen aurka, eta joan zen asteburuko derbiko porrota oso mingarria izan zen. Amorebietaren kontra 3-0 galdu zuten. Lehenengo zatian gehiago izan zen Kulturala, baina Amorebietak gol bi sartu zituen. Bigarren zatian Amorebietak ez zion aukerarik eman.

Amorebieta, salbatuta
Denboraldiko zati luze batean, Amorebieta futbol kluba ere larri ibili zen. Baina, Kulturalak ez bezala, erreakzio iraunkorra izan zuen eta erregulartasun horrek salbaziora eraman du. Geratzen diren hiru partiduetan ez du ezer jokoan. Lasaitasun horregaz liga ahalik eta txukunen amaitzen saiatuko dira.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!