Eider Uribe: "Negomboko elizaren alboan egon ginen barikuan"

Jone Guenetxea 2019ko api. 21a, 16:21
Uribek eta Lopezek Negombon ateratako argazkia.

Eider Uribe durangarra eta Ane Lopez otxandiarra onik daude Sri Lankan. Tangalleko hotel batean daude. 

Uribe eta Lopez Sri Lankan daude oporretan. Atentatuek gogor kolpatu dute herrialdea. Gaur goizean, sei leherketa eragin dituzte ordu erdiko tartean. Hiru eliza katolikotan eta luxuzko beste hiru hoteletan izan dira leherketak. Sri Lankan Pazko Igandea ospatzen ari zirenean gertatu da sarraskia. Gutxienez 207 pertsona hil eta 450 zauritu dira atentatuetan. 

Zorionez, Durangaldeko bi bidaiariak eztandak gertatu diren lekuetatik urrun daude, Tangallen. Colombo hiriburutik 190 kilometrotara daude. 

Uribek ANBOTOri baieztatu dionez, Durangoko lagun batek enbaxadara deitu du bi bidaiariak ondo daudela jakinarazteko. "Orain hotelean gaude. Ezin gara irten segurtasunagatik", dio Uribek. "Atentatuak gertatu direnean mendian ginen. Hotelera gosaltzera joan garenean gertatutakoa kontatu digute". Hala ere, atentatuak gertatutako hirietako bat duela egun batzuk bisitatu zuten. "Negomboko elizaren alboan egon ginen barikuan", gogoratu du Uribek

Uribe ezaguna da Durangon. Mugimendu feministako kidea izateaz gainera, EH Bilduko zinegotzia da.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!