Auzoko zinegotzi arduraduna da neurri hauetako bat. “Auzo bakoitzean zinegotzi bat egongo da eta berarengana jo ahalko dute herritarrek auzoan arazoren bat dagoenean. Udala eta herritarren arteko lotura izango da, zinegotzia udalaren belarria auzoan”, gehitu du Garrastatxuk prentsa oharrean.
Bestalde, aurrekontu parte-hartzaileak, herri-galdeketak eta auzo, eragile eta hezkuntza kontseiluak martxan jarriko dituela dio EH Bilduk.
“Ezin da izan herritarren eskari edo galderak erantzun gabe geratzea. Durangoko Udalean normala izan den gertaera hau ez pasatzeko neurriak hartuko dira eta parte hartze ordenantzak esaten duena beteko dugu”, adierazi zuen EH Bilduko alkategaiak. Parte hartze ordenantzak herritarren eskari orok erantzuna jaso behar duela dio, gehienez 30 egunetan.
Udaleko aplikazioa
“Herritarren bizitza errazteko eta Udaleko informazio guztia jaso ahal izateko, mugikorrerako App bat garatuko dugu, tramiteak egin, lekuak erreserbatu eta intereseko informazioa zuzenean jaso ahal izateko”, azaldu du Iker Urkiza zinegotziak. “Herritarrentzat odisea bat da maiz nahi duten informaziora heltzea eta tramiteak edo erreserbak egiteak sarri buruhauste bihurtzen dira, eta hau aldatzea nahitaezkoa da”, bukatu du Urkizak.