Emakume kirolarien inguruko argazki erakusketa ikusgai dago Landako Kiroldegian

Jone Guenetxea 2019ko api. 12a, 12:55

Emakumeei eta kirolari eskainitako argazki erakusketa ireki dute gaur Landako kiroldegian. Maria Mentxaka kirol-argazkilari eta tiro olinpikoko txapeldunak egin ditu argazkiak.

Emakumeek kirolean duten parte-hartzea azpimarratu gura dute "estereotipoak apurtuz". Antolatzaileen asmoa da udal-instalazioetan ikusgai izatea, eta, gero, erakusketa ikastetxe batzuetan aurkeztea.

Pilar Rios zinegotziak erakusketaren helburua azaldu du: "Emakumeen kirola gizonezkoen kirola adina balioestea, eta gazteek diziplina guztietan erreferente femeninoak izatea, ia ezezagunak diren emakume kirolari bikain ugari baitago". 

Erretratuetan ageri diren kirolarien eta taldeen zerrenda ondorengo hau da: Gurutze Frades (triatloia), Irene Loizate (triatloia), Jone Aizpurua (triatloia), Uri Barrutieta (errugbia), Ainhoa Urien (pilota), Bego Martínez (atletismoa), Lidia Cañete (arku-tiroa), Marta Cámara (muay thai-kick boxing-a), Deniba Konare (judoa), Ziortza Isasi (ziklismoa), Oihana Azkorbebeitia (mendi-lasterketak), Karmele Gisasola (herri-kirolak), June Arbeo (atletismoa), Saioa eta Suzette (futbola), Natalia Martínez Merino (sorospena), eta  Lucia Jímenez García (igeriketa). Taldeei dagokienez, hauek agertzen dira: Ibaizabal Balonmano, Uztai Taldea (gimnasia erritmikoa) eta Tabirako.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!