“Jokalari denek bere moduan jokatzea gura zuen Di Stefanok, baina hori ezinezkoa zen"

Joseba Derteano 2019ko api. 17a, 10:00

Valentzia futbol kluba mendeurrena ospatzen dabil aurten, eta, oraintsu, klubean ibilitako jokalariak omendu dituzte. Ekitaldian Juan Luis Melendez durangarrak ere parte hartu zuen, 1971-1974 urteen artean hantxe jokatu zuelako. Besteak beste, Errege Kopako final batean eta Europako Kopako hainbat partidutan defendatu zuen valentziarren atea.

Zelakoa izan zen jokalari ohi izandakoak berriro ikustea?
Zoragarria! 45 urte neramatzan ikusi barik. Ez ziren denak etorri, baina asko bai. Guztira, 200 edo 300 bat jokalari ohi batu ginela kalkulatzen dut. Valentzia kluba ezin hobeto portatu zen gugaz.

Oroitzapenen kaxa zabaltzea bezalakoa izan zen?
Bai horixe! Orduko denborak gogoratu genituen eta harrezkero zer egin dugun kontatu genion elkarri. Klubak kamiseta eta bufanda bana erregalatu zigun eta Legenden Partidua hasi aurretik zelaira irten ginen bakoitzaren izenak esaten zituzten bitartean.

Hiru denboraldi eman zenituen Valentzian. Zelan batu zinen bertara?
Aurretik Durangoko Kulturalean, Indautxun eta Barakaldon ibili nintzen. Orduan, Karmelo Cedrun zen Barakaldoko entrenatzailea. Karmelo aurretik ezagutzen nuen, Kulturalean berak entrenatu ninduelako. Entrenatzaile oso ona zen Barakaldorentzat. Han ibili nintzen urtean, Errege Kopako final zortzirenetara heldu ginen. Besteak beste, Elx taldea kanporatu genuen. Kanpoan jokatu genuen partiduan Alfredo Di Stefano egon zela esan zidaten. Eta, gero, Valentzia taldeak fitxatu ninduen.

Elx-eko lehian bota zizuten begia?
Cedrunek eta Di Stefanok elkarregaz jokatu zuten Espanyol taldean, eta imajinatzen dut niri buruzko informazioa pasatuko ziotela elkarri.

Aurreko urtean Liga txapeldun izandako Valentzia handira joan zinen. Zelan egin zenuen zure tokia han?
Beste atezain bat eta biok soldaduskan egon ginen hasieran. Abelardo, orduko atezain titularra, bakarrik entrenatzen zen. Gu partiduetara joaten ginen. Carrantza Torneoan jokatu nuen lehenengoz Valentziagaz. Atletico Madrilen kontra izan zen. Ligako debuta, ostera, hasierako pardidu batean izan zen. Abelardo lesionatu zenean ni atera ninduten. "Zuk Karmelo Cedrunegaz moduan jokatu, berdin-berdin", esan zidan Di Stefanok debutatzera nindoanean. Hurrengo hileetan titular jokatu nuen eta taldeagaz egunero entrenatzen hasi nintzen.

Zeintzuk izan ziren zure boladarik luzeenak titular jokatzen?
Lehenengo eta hirugarren denboraldikoak. Bigarrenean ez nuen apenas jokatu. Ez dakit zergatik.

Orduan, Valentziak Europan jokatzen zuen urtero. Zuk jokatutako zein partidu gogoratzen duzu bereziki?
Valentzia Liga irabaztetik zetorrenez, lehenengo urtean Europako Kopan jokatu nuen; esaterako, Budapesteko [Hungaria] Ujpest Dozsa taldearen kontra. Talde zoragarria zuten orduan. Horren ostean, Manchester Cityren kontra aritu ginen. Partidu hartan ia dena geratu nuen, baina akats bat egin eta… akabo!

Di Stefanok ez zizun akats hori barkatu?
Uste dut ez zuela atezain izatea zer den ondo ulertzen. Jokatzeari uzten zion atezaina ez zen aulkian geratzen. Harmailetara joaten zen segituan. Eta alderantziz ere bai. Partidu bakar bat ere ez jokatzetik jokatzera pasatu zintezkeen. Entrenatzaile arraroa zen atezainontzat.

Zelakoa zen entrenatzaile moduan?
Oso exigentea zen, denekin. Jokalari denek bere moduan jokatzea gura zuela uste dut, baina hori ezinezkoa zen. Di Stefano bakarra egon da.

Atletico Madrilen kontra Errege Kopako final bat jokatu zenuen.
Bai. Zoritxarrez, 2-1 galdu genuen. Final txukuna egin nuela uste dut. Normalean, talde handien kontra ibiltzen nintzen ondoen: Real Madril, Atletico Madril….

Valentziako etaparen ostean, Malagara joan zinen.
Bai. Juan Antonio Deusto zebilen han, Athleticen Iribarren ordezkoa izandakoa. Hura lesionatu zen partidu batean, ni sartu nintzen. Gero, titular geratu nintzen.

Zugaz, Bigarren Mailatik Lehenengo Mailara igo zen Malaga.
Horrela da, baina zati handi batean ez nuen jokatu, lesio bategatik. Ondoko sake batean, baloia ukabilekin urrundu eta atzamar lodia apurtu nuen. Orduan ez zegoen eskularrurik. Orduerdi lesionatuta jokatu behar izan nuen, aldaketak agortuta genituelako.

Atezain moduan, zeintzuk izan dira zure erreferenteak?
Iribar izan da onena eta, nire ustez, alde dezentegaz.

Ez zinen atezain garaia. Hori arazo bat zen?
Gaur egun arazo bat izango zen, baina garai hartan, ez. Ez zegoen hainbeste kontakturik, ezta amarrukeriarik ere. Jokoa askoz ere garbiagoa eta ondratuagoa zen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!