'Soinujolearen Semea' aste honetan helduko da zinema-aretoetara. Zelako harrera izango duela uste duzu?
Euskal Herrian oso harrera ona edukiko duen pelikula izango dela esango nuke. Bernarndo Atxagaren nobela batean oinarrituta egoteak berme bat ematen dio beti. Horrez gainera, Atxagaren lanek beti pizten dute interes bat, euskaldunongan gutxienez.
Ezagutzen zenuen nobela? Irakurrita zeneukan?
Ezagutzen nuen nobela. Ikastolan irakurri nuen, baina, horrelakoetan gertatzen den bezala, berrirakurtzerakoan eta gidoia irakurtzerakoan, beste dimentsio bat hartzen du istorioak. Denborak aurrera egin ahala liburuek berdin jarraitzen dute, baina gu aldatu egiten gara eta urteen poderioz ezberdin ikusten dituzu gauzak. Orduan, kontzienteago izaten zara zer suposatzen duen liburu honek.
Lubisen azalean sartzerakoan, zer izan da gehien kostatu zaizuna?
Zaldian ibiltzen ikastea kostatu zait gehien, ez nekien eta. Baina, gero, oso dibertigarria izan da. Egia esan, zaldirik geldoena eman zidaten, ez zuelako bizkor ibili behar. Lubis beste pertsonaiek osatzen duten pertsonaia da gehien bat. Airean dago bere izena, protagonisten elkarrizketetan. Paper txikia izan da, baina, gutxi agertu arren, pelikulan zehar nahiko presentzia du. Nik bost egunetan parte hartu nuen grabaketan, eta bost egun horietan pertsonaia sakon eta sineskor bat sortzea izan zen zailena, ez da-eta erraza. Hori izan da erronkarik handiena, nahiz eta gutxitan agertu: sakonera duen pertsonaia bat eraikitzea.
Bestalde, 'Heriotza Bikoitza' antzezlana lozorroan sartu duzue. Itzartuko da? Zelako bidaia izan da?
Antzerkian izan dudan esperientziarik ederrena izan da niretzat, zerotik hasitako lana izan delako alde batetik, eta lan kolektiboa bestetik. Oso geurea den zerbait sortzen ibiltzearen sentsazioa eduki dut. Oso gauza pertsonala izan da, oso sentipen pertsonalak sortu dizkit, asko biluztu gara eta hori jendaurrean erakustea eta erantzuna aurkitzea oso polita izan da. Uste dut gauzak hasi eta amaitu egin behar direla. Printzipioz lozorroan sartu dugu, baina auskalo esnatuko ote den. Ez da erraz egon zirkuitua denbora honetan, eta gura baino emanaldi gutxiago egin ditugu. Hala ere, nire lagun guztiek esan didate ikusi nauten antzerkirik onena dela eta gehien gustatu zaien lana dela.
'Patria' telesailaren filmazioan zabiltza orain. Zein da zure papera? Nolako esperientzia izaten ari da?
Orain hiru astetik nabil grabatzen Patria, eta abuztura arte ibiliko naiz honegaz. Esperientzia bikaina izaten ari da, gustatzen zaidana egiten nabilelako eta talde bikain bategaz nabilelako. Igartzen da proiektu oso handia dela, eta jendea dena emanda dago. Gorkaren paperean sartu naiz. Jose Mari etakidearen anaia da Gorka. Anaia lotsatia da Gorka, gatazka politikoari buruz gutxi jakin gura duena eta beste gatazka pertsonalago batzuetan sartuta dabilena. Horregatik, urruntzea erabakiko du.
Baduzu beste proiekturik esku artean?
Obabakoak lanagaz Sttutgartera (Alemania) joango gara, ekain amaieran, eta abuztuan pelikula bat grabatuko dut Katalunian. Irailean eta urrian beste pelikula bat grabatuko dut, Nafarroan.