Gako nagusi bi ditu aurtengo Pasioak. Alde batetik, adinaren batez besteari begiratuta, partaideak gazteagoak dira. "Urte zaila izan da pertsonaiak aukeratzeko", azaldu du Juanjo Etxarte zuzendariak. Egoitz Iraurgigaz batera egin ditu zuzendari lanak. Hain zuzen ere, Iraurgi Jesusen azalean sartuko da antzezlanean. Beste protagonista nagusia, Maria, Susana Alarconek interpretatuko du. Iraurgik, baina, euren paperei garrantzia kendu eta taldean jarri du indargunea. "Jesusen pertsonaia ez da istorioko garrantzitsuena. Atzean herria ez balego, 50 lagun horiek ez baleude, ezingo genuen antzezlana aurrera atera". Guztira, 120 bat lagunek parte hartuko dute emanaldietan, eta belaunaldi berriei esker, partaideen adinaren batez bestea 30 urtekoa da. Alarconek, bestalde, aurreko belaunaldien lana eskertu du: "Aurretik Mariaren papera egin dutenek asko lagundu didate". Ekitaldiak 50.000 euroko aurrekontua du; sarrerak sei euroan daude salgai, Arco tabernan.
Streaming bidez
Bigarren nobedade nagusia azken entsegua streaming bidez emango dela da; apirilaren 16an izango da hori. Emanaldiak 21:00etan hasiko dira.