Hauteskundeak

Maitasun keinu bat, tentsioz betetako ziklo bati agur esateko

Anboto 2019ko api. 10a, 20:53

Durangoko Udalean legealdiko azken ohiko osoko bilkura egin dute gaur, eta hainbat zinegotzik agur mezua helarazi dute. Amaieran talde argazkia atera dute batera.

Emozioz eta norbere barrutik egin dute berba udaleko zinegotziek, kasu batzuetan negarrari eutsi ezinik. Ez da soilik legealdi baten amaiera, ziklo baten agurra baizik. Izan ere, adibidez, Aitziber Irigorasek, Dani Maeztuk eta Pilar Riosek ez dute jarraituko udalean. Lehen biek 16 urte egin dituzte, eta hirugarrenak 20. Gainera, EAJko inork ez du karguan errepikatuko, eta EH Bildutik Aritz Bravo eta Iker Urkiza aurkeztuko dira soilik zinegotzi izateko. Herriaren Eskubideko Patxi Lakuntzak eta PPko Fran Garatek ere ez dute jarraituko.

Tentsioz betetako urteak izan dira, baina gaur esker hitzak izan dituzte ahotan, eta maila pertsonalean bakeak egin dituzte. Orokorrean, zinegotzien eta udal beharginen lana baloratu dute, eta herritarrei ere esker mezua helarazi diete. Eider Uribek Garateren atxiloketa ekarri du gogora -sexu abusu saiakeragatik salatu zuten-, eta adierazi du bere ustez ez lukeela udalean egon beharko.

Bestalde, karguan zeudela hildako Juan Jose Ziarrusta eta Natxo Martinez izan dituzte gogoan jeltzaleek, eta Pilar Riosek ETAk hildako Jesus Mari Pedrosa oroitu du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!