Marcelo Katz klown argentinarrak ikastaroa eskainiko du Topaklownen

Aritz Maldonado 2019ko api. 10a, 11:12
Cecilia Paganini, Gorka Ganso, Arantza Arrazola eta Mari Jose Balier

Bederatzina ikuskizun eta ikastaro egongo dira apirilaren 17tik 21era bitartean. 190 lagunek eman dute izena ikastaroetarako, plaza guztiak betez. Emanaldietarako sarrerak salgai daude.

Azken urteetako formatu berdina izango du aurtengo Durangoko Topaklown klown topeketak. Alde batetik, klown formaziorako bederatzi ikastaro eskainiko dira. Besteak beste, Marcelo Katz argentinarrak eskainiko du klasea; Katz, erreferentea da klown munduan, izan ere, 300 ikasleko eskola du Buenos Airesen. "Klown garaikidearen formazio integrala erakusten da topaketa hauetan, baina ez hori bakarrik. Klown teknikez gainera, bestelakoak ere irakasten dira, eta hori da jendeak errepikatzeko gakoetako bat" azaldu du Gorka Ganso Topaklowneko zuzendari artistikoak. 

Espainiar estatuan erreferentziazko bilakatu da Topaklown, eta Durango klown zaleen mapan ezarri du. "Ikastaroetarako izen emateen %80 ordu laurdenean bete zen" arrazoitu du Arantza Arrazola San Agustineko kulturguneko koordinatzaileak. Guztira, 190 lagunek parte hartuko dute ikastaroetan, 155ek ikasle bezala, eta gainontzekoek entzule bezala. Euskal Herriko ikasleez gainera, Portugal, Espainia edota Austriako lagunak ere hurbilduko dira Durangora egun horietan. "Topaketen formatua egokia da, jendea ezagutu eta idoiak partekatzeko tamaina perfektua du".

Emanaldiei dagokienez, 'Y me mori' kabaret mexikarrarekin hasiko da Topaklown, apirilaren 17an. LiquidoTeatro&DuoFacil konpainiaren ikuskizuna Euskal Herrian ikusteko lehenbiziko aukera izango da hau; gainontzeko emanaldien gehiengoarekin ere berdina gertatzen da. 2019ko edizio honetako beste nobedadeetako bat Klown Kombat delakoa izango da. Musikan, jam sesioetan egiten den antzera, inprobisatu egingo dute klownek, irizpide batzuen barruan. Publikoa izango da epailea. "Zorakeria bat da, baina horrelakoak gara gu" laburtu du barreka Gansok. 

Horrez gainera, San Agustin kulturgunean Txelu Angoitiaren argazkiekin erakusketa egingo dute. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!