“Sentipenei berbak jarrita, asko zehazten dira pentsaerak”

Aritz Maldonado 2019ko api. 9a, 10:23

Javier San Salvador del Valle durangarrak 'El tiempo, la ausencia. A propósito de 22' liburua kaleratu du oraintsu. Paule San Salvador del Valle alabak idatzitako '22'-ren harira egindako hausnarketak biltzen ditu, besteak beste. Ausentziaz, doluaz, eta heriotzaz idatzi du San Salvadorrek, barrenak hustuz.

'Hitzek salbatu naute' idatzi duzu liburuaren hitzaurrean.
Esaldi hori nire alabarena da, 22-n idatzi zuen hori. El tiempo, la ausenciaren atal bakoitzaren sarreran, 22ko zitak jarri ditut. Idazteko erraztasuna zuen nire alabak, eta ehun esaldi polit baino gehiago atera nituen, berrirakurketa egin ostean. Atalean berba egiten dudanagaz lotura dute esaldi horiek. 'Hitzek salbatu naute' hori printzipio adierazpen bat da.

Zelako prozesua izan da idazketa?
Duroderroer bloga daukat orain urte batzuetatik, baina, bestela, ez dut beste ezer idatzi. Liburuaren hasierako helburua Pauleri buruzko zertzelada batzuk ematea zen. Liburua idazten hasi nintzenean, 22 zabaltzen saiatzen genbiltzan; sasoi horretan, jendeak egindako iruzkinak edo niri esandakoak apuntatzen hasi nintzen, bestela ahaztuko nituelakoan, eta konturatu nintzen banuela nahikoa material zerbait egiteko. Liburuak aurpegi bi ditu, nire ustez. Alde batetik, terapia legez balio zidan, baina, aldi berean, mina errepikatzen ari nintzela konturatu nintzen. Hala ere, barrenak husteko balio izan dit, baita nire burua azaltzeko ere. Pentsatzea gauza bat da, baina sentipen horiei berbak jarrita, asko zehazten dira pentsaera horiek.

Zelan dago egituraturik liburua?
Nire lehenbiziko asmoa Paule ez ahaztea zen, hortik aurrerako planik ez. Hari bi ditu liburuak. Alde batetik, alabaren gaixotasuna, minbizia nola bizi zuen. Bigarren hariak, ostera, 22ren prozesua kontatzen du. Hori ere gogoratzea gura nuen, tarte batzuk, teknikotasunagatik, aspergarriak izan zitezkeela jakin arren. Baina horri buruz ere idatzi gura nuen. Hirugarren haria kontu honek guztiak sortu dizkidan gogoeta eta sentimenduak idaztea zen, prozesu osoan zehar bizi izan dudana. Doluari buruzko hainbat liburu irakurri ditut bide honetan.

Sentimenduei berbak jartzea ez da ariketa erraza.
Dudarik barik. Dena esanda dagoela jakitea gakoa izan da, baina. Hasieran ez nuen pentsatu, baina gero bai, inguruko norbaiten galera jasatea eguneroko kontua dela, denoi gertatu zaigun gauza bat dela. Irakurlea liburuan islatuta sentitu daiteke eta horixe da liburuaren ezaugarririk onena. 22k ere horixe du onena. Liburu gogorra izan arren, mezu baikorra zuen, eta jendea konturatu zen horretaz. Eta nik sekulako pisua kendu dut gainetik idazterakoan. Nireagaz helburu apalagoa dut. 22ren 1.300 ale saldu ziren Durangon bakarrik. Nirea gehiago da Pauleren lagunei eskerrak ematea, baita familiari eta 22 irakurri dutenei ere.

Alboan GKEarentzat dira irabazi ekonomikoak.
22gaz berdina egin genuen, liburuagaz dirua irabaztea gauza immorala iruditzen zitzaigun eta. Jesuitekin eta Deustugaz harremana izan zuenez Paulek, logikoa iruditu zitzaigun Alboanegaz lan egitea. Liburua autoeditatua da; 200 ale banatuta daude eta beste 200 inprimatuko ditugu.

Baduzu liburua aurkezteko asmorik?
Deustuko unibertsitatean aurkeztu nuen, pasa den astean, alabak parte hartzen zuen literatura tailerrean.

Non dago salgai liburua?
Durangoko Hitzen, Urriken eta Etxebarrian. Baita Deustuko Campus eta Elkar liburu-dendetan. Amazon bidez ere erosi daiteke.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!