Hauteskundeak

"Berriro ere ilusioa sortuko duen proiektu bat behar dugu Durangon"

Markel Onaindia 2019ko api. 6a, 09:50

EAJk aurkeztutako talde berrituaren zerrendaburua da Mireia Elkoroiribe Zenikaonandia (Durango, 1975). Orain lau urte bozkatuena izan zen alderdiagaz amaitu du ANBOTOk Durangoko alkategaiekin izandako elkarrizketa sorta.

Zelan hartu duzu alkategai ardura?
Ilusioz eta gogotsu hartu dut erronka. Errespetu handiz hartu dut, Durangon alkategai izatea erronka handia da eta.

Orain arte, hainbat kargu eduki dituzu Jaurlaritzan. Zer ekarpen egin ahal diozu udalari?
Askotan galdetu izan diot neure buruari ea zergatik ez naizen gai batean espezializatzen. Baina orain konturatu naiz ibilbide hori oso ondo datorkidala momentu honetan. Nire ibilbidea garraio arloan egin dut batez ere, eta nire lanpostua han dago, Euskal Trenbide Sarean. Garraio zuzendari ibili ostean, Hezkuntza, Hizkuntza, Kultura, Gazteria eta Kirola Sailean egon nintzen, eta, azkenaldian, Osasun Sailean. Horrek denak oso ikuspegi globala eman dit, eta uste dut ibilbide egokia dela udalerako, udalean arlo guztiak lantzen dira eta.

Udal inkestaren arabera, zure zerrendak irabaziko du. Legealdian PSE-EEgaz edukitako gobernu akordioa berretsiko zenuke?
Ez dugu ezer lotuta, eta aukera guztiak aztertzeko jarrera irekia dugu. Lehenengo, emaitzek zer dioten ikusi beharko dugu.

Estazioko planari 21 alegazio egin zenizkioten alderdiaren izenean, irailean. Zer aldatuko zenuke?
Etorkizunera begira aukera izugarria daukagula ikusten dut. Argi dudana da ez dudala beste 15 urte pasatzerik gura eremua geldirik egonda. Aukera hori aprobetxatu egin behar dugu. Berriro ere ilusioa sortuko duen proiektu bat behar dugu Durangon, eta adostasunekoa izan dadila. Durangarrek euren iritzia entzutea eskatu dute, eta hori kontuan eduki behar da. Parke baten nahia ere adostasun zabalekoa da, eta trenbidearen trazatua lehenbailehen berreskuratu behar da. 18 pisuko etxeak? Bada, uste dut badela garaia hori berrikusteko. Gure helburua da altuera hori bajatzea, Jaurlaritzagaz akordio batera helduta; ezinbestekoa da akordio hori.

Beraz, galdeketa egitearen alde zaude? Barikuan, Erabakik berriro aldarrikatu zuen galdeketa, manifestazio bat eginda.
Bai. Herritarren eskubide bat da, parte-hartze mekanismo bat. Gu ados gaude. Hori bai, galdeketa berme juridiko guztiekin egin behar dela deritzogu. Eta horretan lan egiten dabiltza udalean.

Galdeketa egin bitartean, ez al litzateke plana eten beharko?
Proiektua, momentuz, geldirik dago. Beste gauza bat da lan txikiak egin izana, geltokiaren sarrera eta ingurua egokitzeko. Durangarrok  akordio batera heldu beharra daukagu, eta ez beste hainbat urtez proiektua geldirik egotea.  

Udalean zer proiektu garatu gura duzue lehentasun moduan?
Hainbat elkarte eta erakunderen iritzia entzun dugu. Durangoren lidergoa eskualdean, Bizkaian eta Euskadin indartu gura dugu. Bere kokapen estrategikoa aprobetxatu eta ekonomia indartzeko zentro bat bultzatu gura dugu; horregaz lotuta, Landako Gunea sustatu gura dugu, eta merkatu plaza indartu. Horrez gainera, bizi-kalitatea hobetuko duten parkeak garatu gura ditugu; Ezkurdi plaza birgaitu eta estazioko guneagaz lotuko dugu. Azken batean, sare berde bat osatu gura dugu. Horretarako, garrantzitsua da trenbideko trazatua oinezkoentzat eta bizikletarientzat egokitzea. Durango mugikortasun iraunkorrean erreferente bihurtu gura dugu, aipatutako eremuak berreskuratuta eta bidegorriak indartuta.

Euskararen erabilera %22,7koa da. Zelan indartu daiteke?
Azken urteetan, euskararen ezagutza asko handitu da, baina erabileran ez da aurrerapauso garrantzitsurik eman. Euskararen erabilera kalean, lantokian, udalean eta ahalik eta lekurik gehienetan bultzatu gura dugu. Aukera on bat kirolean ikusten dugu, eta ikastetxeekin, eragileekin eta euskara kontseiluagaz batera bultzatu gura genuke.

Durangon hainbat zerbitzu eskaintzen dira parekidetasun arloan. Baina eraso matxistek ez dute etenik.
Durango aitzindaria izan da Herritarren Akordioa sinatuta. Herritarren partetik ere sentsibilizazio handia dago. Eraso bakoitza kezka bat da guretzat, eta lanean jarraituko dugu. Andragunean lan garrantzitsua egiten dute, eta eskaintza indartzeko asmoa dugu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!