“1 Formulan duten informazio osoa dugu slot lasterketetan; dena dugu monitorizatuta ”

Aitziber Basauri 2019ko api. 7a, 09:55

Urrunetik gidatutako kotxeak utzi ostean heldu zion slot munduari Pedro Azurmendik (Durango, 1960). “Arnasa hartzeko modu bat” izan zuen, eta Durangoko Asier Azkarragaz eta Galdakaoko Pedro Amogaz L Racing kluba sortu zuen. Slot kotxe lehiaketetan hasiberriak ziren orduan. Hor du jatorria Mikeldi Slot Klubak. Lagun talde horretakoa da Jesus Rodriguez (Durango, 1967) motorzale amorratua ere, slot kotxeak gidatzen ez dituen arren. Urte hauetan, Amoren baserrian sortutako ‘Peter’s Ring’ zirkuituan jardun dute lasterketetan. 

Zein da Mikeldi Slot-en helburua?
Jesus Rodriguez: Jendartean scalextric modura ezagutzen den slot-a sustatzea. Zaletasun polita da, ikusgarria batzuetan. Prestaketa eta denbora eskatzen ditu, baina poz handia ematen du.
Pedro Azurmendi: Kotxea doitzeak eskulana sustatzen du. Kotxea nola dagoen muntatuta, hala ibiliko da pistan.

Ume-jolasa dela esan dizuete?
P.A.: Scalextric-ean jolasten garela esatean, normalena da pentsatzea ume garela betiko, baina informazio faltagatik da. Slot klub bat ezagutzean, egiten diren lasterketei erreparatuz gero, ikusten da ez dela jolasa, lehia baino. Lehia osasuntsua.
1 Formulan duten informazio osoa dugu slot lasterketetan; dena dugu monitorizatuta: lasterketako denbora, bueltarik azkarrena, gidarien buelta kopurua, zein izan den bueltarik onena, zein txarrena...  

1 Formulako pista bat maila txikira ekarritakoa da zuena.
P.A.: Bai. Benetako kotxeak dira, 1:32 eskalara ekarrita. Honetan gabiltzan denoi gustatzen zaizkigu autoak eta auto lasterketak. Ez dugu lasterketetan gidatu, baina alternatiba bat bilatu dugu.
J.R.: Etxean errazago sartzen dira!

Nondik datorkizue zaletasuna?
J.R.: Beti gustatu izan zait automobilismoa. 19 urtegaz, Jerezera joan nintzen, 1 Formulako Sari Nagusira, bakarrik. Ayrton Senna ikusi nuen.
P.A: Ni ere txikitatik erakarri izan naute kotxeek. Irrati kontrolaren munduan aitaren eskutik sartu nintzen, hegazkinekin hasieran. Gero, kotxeekin.

Zaletasun garestia da?
P.A.: 50-60 eurogatik, lehiatzeko moduko slot autoa duzu, gero premien arabera doituko duzuna. 300dik gora ditut, eta bi ezik beste guztiak erabiltzen ditut.
P.A.: Auto miniaturen bildumak ditut nik; Carlos Sainzen kotxe guztiak ditut, adibidez. Slot-eko batzuk ere bai. Benetako maketak egiten dira gaur egun.

Nolakoa da Matienako zirkuitua?
J.R.: 40 bat metroko bidea duen pista-zirkuitua da, sei erreilekoa. Guztira, 9x5 metro izango ditu. Aurrera begira, baliteke beste zirkuitu mota batzuk sortzea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!