Hauteskundeak

Hauteskundeetarako zerrenda jendaurrean aurkeztu du Durangoko EAJk

Anboto 2019ko api. 4a, 19:44

Andra Mariko elizpean jende ugari elkartu da jeltzaleen zerrenda zuzenean ezagutzeko. Mireia Elkoroiribe alkategaiak azaldu du “ilusioz” daudela erronkari heltzeko.

EAJren proposamen nagusien berri eman du Elkoroiribek. Landako Gunea sustatzea, Ezkurdiko parkea birgaitzea, bidegorri sarea indartzea, merkatu plazan ostalaritza gune bat sortzea... 2030erako ikuspegian diseinatu dituzte. “Denon artean Durango hobe bat” lortzea dute helburu alkategai jeltzalearen esanetan.

Ander Gorrotxategi Durangoko EAJren presidenteak nabarmendu du 120 herritarrekin eta auzoetan landu dutela programa. “Hileak daramatzagu jendea entzuten, auzoz auzo”. Hautagaien talde “sendoa” eratu dutela ere uste du.

Eskualdeko hainbat alkategai eta Ana Otadui aldundirako zerrendaburua ere egon dira ekitaldian. Otaduik Elkoroiribe babestu du. “Emakume langilea da Mireia, hurbilekoa eta zintzoa”. Bestalde, “Bizkaia solidarioa, parekidea eta berritzailea” garatzea helburu izango dutela esan du.

Ekitaldian berba hartu duten denek Aitziber Irigorasen lana eskertu dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!