“Batez ere, etxean zer dudan baloratzeko balio izan dit liga garaipen honek”

Maialen Zuazubiskar 2019ko mar. 27a, 18:50

Joana Murrayk urte bi daramatza Espainiako liga gorenean errugbian jokatzen. Joan zen domekan, Iberdrola Ligako txapeldun gelditu zen CRAT Coruña taldeagaz.

Nolakoa izan zen domekako finala?
Egun oso intentsoa izan zen, oso urduri geunden denok. Bagenekien aurkari oso gogorra genuela aurrean, eta entrenatzaileak argi azaldu zigun zein izan behar zen jarraitu beharreko bidea. Hasieratik, bagenekien partidua oso gogorra izango zela, baina taldekideok konfiantza dugu taldearengan, eta bagenekien lan eginez gero partidua irabazteko aukerak genituela; eta horrela izan zen.

Finalean entsegu bat egin zenuen.
Lehenengo 15 minutuetan errenta hartu genuen markagailuan, eta nire entseguak partidua irabazi genezakeen esperantza eman zigun, lasaitasun puntu bat. Entsegu hori bultzada handia izan zen taldearentzat.

Zuretzat zer suposatu du CRAT Coruñagaz liga irabazteak?
Batez ere, etxean zer dudan baloratzeko balio izan dit liga garaipen honek. Finalera familia guztia etorri zen Durangotik, eta egundoko ilusioa egin zidan. Lagunak ere alboan izan ditut beti, nire kirol ibilbideari jarraitzen, eta pozgarria da hori. Bestalde, taldeak nolako esfortzua egiten duen ikusteko ere balio izan dit. Klub honek estruktura handia du, babesle asko ditu eta finalak oihartzun izugarria izan du. Final honen bitartez, nesken errugbiari bultzada handia eman zaiola konturatu naiz. Gainera, nire kirol ibilbidean jokatu dudan partidurik garrantzitsuena izan da final hau.

Laster helduko da datorren denboraldiari begira jartzeko momentua. CRAT Coruñan jarraitzeko asmoagaz zaude?
Egia esan, oraindik ez dut guztiz erabaki, baina, printzipioz, dena ondo badoa, Coruñan jarraitzea gura nuke. Taldean oso gustura nago eta, gainera, masterra egiteko aukera ere eskaintzen dit klubak. Beraz, ondo bidean, datorren denboraldian ere Galizia aldean jarraituko dut.

Getxotik Galiziara joan zinen. Denboraldiaren nolako balorazioa egiten duzu?
Galizian oso ondo hartu naute. Jendea oso hurbilekoa da eta entrenamenduen kalitatea izugarria da. Horrek jokalari moduan hazten lagundu didala esango nuke. Iaz, Getxogaz ezagutu nuen maila hau, eta aurten ere izugarri ikasi dut maila honetan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!