“Beheraldiak edukitzean, ondo dator zure afizio berdinak dituen jendeagaz elkartzea”

Aritz Maldonado 2019ko mar. 26a, 10:50

1997tik hona ibili da margotzen Azucena Fernandez (Zierbena, 1957). Juanjo Novella eskultore portugaletetarraren eskutik ikasi zuen margotzen, eta dakien guztia hari esker ikasi du. Urteotan, bizkarreko arazo batek baino ez dio pintzela eskuetatik kendu. Bost bider irabazi du Durangoko margo txapelketa. Bere beharrekin osatutako 'Argiak eta itzalak' erakusketa Durangoko Arte eta Historia Museoan dago ikusgai, apirilaren 28ra arte.

Zer da 'Argiak eta itzalak'?
Marrazkigintzan, argiekin eta itzalekin eraikitzen ikasi nuen lehenbi; edozein obraren oinarria dira. Kontraste horregaz lan egitea asko gustatzen zait. Nire lanetan, itsasoak ere eragin nabarmena du. Etengabea da itsasoaren presentzia, eta hartzen dituen koloreak azpimarratuko nituzke. Askotan agertzen dira uraren berdea, urdina eta grisak, eta iluntzeen isla urretsuak. Nire lan guztietan nabaritu dut itsasoaren eragina. Materialei dagokienez, denetarik dago: olioagaz, akrilikoekin, pastelagaz eta ikatz-ziriagaz eginiko lanak daude.

Zein denbora tartean egindako lanak dira?
Azken urte bietan egindako lanak dira, ikatz-ziriagaz egindakoak izan ezik. Horiek zaharragoak dira, eta, gainera, nire bilduma partikularrekoak dira. Bitxikeria moduan, horietako bat orain dela urte asko egin nuen, eta gero saldu egin nuen erakusketa batean. Sekulako penagaz geratu nintzen, eta beste bat egitea erabaki nuen. Oheburuan daukat orain. Niretzat seme-alabak bezalakoak dira artelanak, eta asko kostatzen zait saltzea. Are gehiago, salduz gero, damutu egin naiz sarri. Hainbat lan errepikatu egin ditut urteoetan.

Lehenbiziko erakusketa duzu museoan.
Bestelako esperientzia bat izango da. Orain arte, kultura aretoetan jarri izan ditut ikusgai nire lanak, baina inoiz ere ez areto partikularretan, beste pertsona batentzat egiten duzulako lan. Durangon bost sari irabazi ditut, eta suposatzen dut horregatik deitu didala Garazi Arrizabalagak [museoko zuzendaria]. Horrek ere bultzatu nau erakusketa egitera. Eta, bide batez, Garazi eskertu gura nuke.

Durangogaz duzun harremana hortik dator?
Senarra Durangaldeko Artista Elkarteko kide baten lankidea da, eta berak animatu ninduen lehiaketetan parte hartzera. Bolada txar baten ondorioz, eskegi egin nituen pintzelak, eta elkartearen proposamenak asko lagundu zidan berriro ekiteko. Margolaritzaren mundu hau oso esker txarrekoa da. Momentu ikaragarri onak pasatu ditzakezu, eta ez hain onak ere bai. Beheraldiak dituzunean, oso ondo etorri ohi da zurearen moduko afizioa duten pertsonekin esperientziak partekatzea.

Nola animatuko zenuke jendea zure erakusketara joan dadin?
Museora zein Ezkurdiko erakusketa aretora joateko gomendatzen diot jendeari. Izan ere, artea maite duen jendearentzat eta lan handia egiten duen jendearentzat daude zabalik.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!