Martxan dago Durangoko 7 ikastetxeetako jantokietan hondakin organikoak birziklatzen hasteko proiektua

Markel Onaindia 2019ko mar. 25a, 09:13

Durangoko Udalak finantzatuta, martxan dago herriko 7 ikastetxeetan hondakin organikoak sailkatzen hasteko esperientzia pilotua. 3.000 ikaslek baino gehiagok jaten dute egunero jantoki horietan, eta otorduetatik sortzen diren elikagaien hondarrak lekuko nekazari batek batuko ditu, gero bere ortuan ongarri lez erabiltzeko. Momentuz, urtebeteko iraupena edukiko du.

Kurutziaga ikastolan ekin diote egitasmoari. Izan ere, orain urte bi bertan erein zuten proiektu honen hazia proba bat eginda, eta, beraz, badakite bidea zelan jorratu. Datozen egunetan  gainerako ikastetxe guztietara hedatuko da ekimena.

Orain urte biko esperientzia IK4-Azterlanek gidatu zuen, Jaurlaritzak emandako diru-laguntza bati esker. Kasu honetan, udalak urtebeterako zerbitzu lez egin du kontratazioa. Zerbitzua gestionatzeko, kooperatiba bat sortu dute hiru nekazarik eta teknikari batek. Azken hau Ander Areitioaurtena da, IK4-Azterlanegaz 2017ko esperientzia aurrera eraman zuena. "Proiektuak 12 hilabeteko iraupena edukiko du. Sistemak zelan funtzionatzen duen ikusteko balioko du, ea posible den ikusteko", azaldu du Areitioaurtenak. Ekainean egingo dute lehenengo balorazioa.

Proiektu aitzindaria
"Estimatzen dugu urtebetean 90 eta 100 tona artean batuko direla", nabarmendu du Areitioaurtenak. Bilketa Iñigo Etxebarria nekazariak egingo du, egunero, ikastetxe guztietan. Zentro bakoitzean kubo bi egongo dira; Etxebarriak garbiak utzi eta betetakoak jasoko ditu. Batutakoa Iurretako Santa Apolonia auzoan duen baserrira eramango du, konposta egiteko.

Areitioaurtenaren esanetan, proiektu aitzindaria da Durangokoa. "Hemen inguruan ez da horrelako esperientziarik egin, eta Euskal Herrian ere oso gutxi", azaldu du proiektuaren jarraipena egingo duen teknikariak. Larrabetzun eta Usurbilen garatu izan dira antzekoak, baina Durangokoa tamaina handiagokoa da.

Sentsibilizazioa
Birziklapenean jauzi handi bat egingo da Durangon ikastetxeetako egitasmoagaz. Baina, horrez gainera, badu zentzu hezitzaile bat ere, Aitziber Irigoras alkateak prentsa ohar bidez esplikatu duenez. "Birziklapena sustatu eta zabortegietara heltzen den hondakinen kantitatea murrizteaz gain, gazteek gaur egungo kontsumo ereduaren inguruan hausnartzea bilatzen du". Areitioaurtenak esan du birziklapenean parte hartzen duten ikasleek zuzenean ezagutu ahalko dutela hondakinen birbalorizazioa, urtean behin Etxebarriaren baserriko konpost plantara joateko aukera eskainiko dietelako.

Durangoko ikastetxeek birziklapenaren aldeko pauso garrantzitsu bat emango dute. Urtebetera ikusiko da iraunkortuko den ala ez. Kasu horretan, herriko bilketaren ardura duen Cespa enpresak batu, eta udalak tonako ordainduko lioke nekazariari bere baserrian uzteagatik. Pauso garrantzitsu bat da, organikoaren bilketa herri osoan hastea aurreikusita dagoen urtean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!