Martxoak 31

Maria Ardanza durangarrak egingo du martxoaren 31ko ekitaldiko lore eskaintza

Aritz Maldonado 2019ko mar. 22a, 13:47

Arantza Atutxa Gerediagako kudeatzailea eta Aitziber irigoras Durangoko alkatea

Martxoaren 25ean hasi, eta apirilaren 7ra arte luzatuko dira Durangoko bonbardaketaren 82. urteurrenaren harira antolaturiko ekitaldiak, udalaren eta Gerediagaren eskutik.

Martxoaren 31rako egun osoko egitaraua antolatu dute. 08:30ean alarma hotsa entzungo da Andra Mariko kanpandorretik, bonbardaketako lehenengo aire erasoa izan zen ordu berean, eta hilerrian lore eskaintza egingo dute. 12:00etan, ekitaldi instituzionala egingo da Benita Uribarrena parkean. 17:45ean, bigarren alarma hotsa joko dute. 20:00etan, Gerediagak eta Kriskitin dantza taldeak ekitaldia egingo dute Andra Mariko elizpean. Bonbardaketaren aztarnak jasotzen dituen ikus-entzunezko labur bat eskainiko dute eta, ostean, Idoia Bediagak kantatuko du bonbardaketaren abestiaren bertsioa. Lore eskaintza Maria Ardanza lekukoak egingo du.

Martxoaren 25ean Irudi izoztuak vs izoztutako oroimenak erakusketa ezarriko dute Andra Marian, apirilaren 3ra arte. Hilaren 28an, goizean, Bonbardaketaren aztarnak bideoa proiektatuko da Andra Mariko Kaperan, eta arratsaldean, Durango, isildutako bonbardaketa dokumentala proiektatuko dute Zugaza zineman (18:00etan euskaraz eta 20:00etan gazteleraz). Martxoaren 30ean, bonbardaketaren biktimen "oroimen gunea" ezarriko da Andra Mariko elizpean. 19:00etan, Gerra hemen hasten da filma emango dute San Agustinen, Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeak antolatuta.

Ekitaldi sorta amaitzeko, apirilaren 7an III. Book Trailer lehiakateko sari banaketa egingo dute. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!