“Internet bidez botoak jasotzeko lagun guztiak dantzan jarri ditugu”

Jone Guenetxea 2019ko mar. 24a, 12:30

Inauterietako ANBOTOren argazki lehiaketan, pertsona kutsua duten animalien seikoteak 300 boto jaso ditu. Zumaiako Zelai talasoterapia hotelean lagun birentzako egonaldia irabazi dute. Martin Arrasate, Gorka Madrazo, Ipar Abasolo, Oihana Etxeberria, Unai Aregita eta Aritz Lasarguren dira irabazleak.

Zelan bururatu zitzaizuen animalia mozorrotzea?
Gorka: Zelebrea izan da. Iaz, buzoekin animalia jantzita joan ginen batzuk. Buzo horiek erabiltzearren, animaliak eurak ere mozorrotzea bururatu zitzaigun. Ganbaretan topatutako elementuak jarri genizkien: batatxo bat, traje bat...

Mozorrozaleak zarete?
Gorka: Ni oso zalea naiz.
Martin: Niri asko gustatzen zait mozorrotuta egotea, baina mozorrotzearen aurreko prozesu guztia, ez. Gaia pentsatzea, arropa bilatzea, prestatzea... Horrek agobiatu egiten nau. San Faustoetan eta inauterietan, mozorrotu aurreko egunean desesperatuta aurkituko nauzu beti. Beste aldean, Gorka daukat; jin eta jan gara.
Gorka: Bai, ni kontrakoa naiz. Beti egoten naiz aurretik pentsatzen eta prestatzen.

Aurpegia primeran marraztu zenuten. Nor da artista?
Gorka: Goizean nire etxean elkartu ginen eta han denak margotu nituen. Pinteresteko argazkiei begiratuta pentsatu nuen zelan margotu.
Martin: Gorkari oso eskertuta nago, aurpegia margotu barik nire mozorroa oso ohikoa izango zelako. Makillajeak joko handia ematen dizu. Esate baterako, nire aita bost minutu egon zen nigaz berbetan, nor nintzen jakin barik. Bestalde, taldean animalia guztiak jarrita, irudia bitxia zen. Bata nerabea, bestea borrokalari... Nahaste polita zen.

Scooby Dooren taldeagaz lehia bizia izan duzue, baina, azkenean, zuek irabazi duzue.
Gorka: Anaiaren taldeagaz pike apurtxo bat izan dugu, baina, tira, iaz eurek irabazi zuten.
Martin: Saria bera baino, irabaztea gura genuen. Internet bidez botoak jasotzeko, lagunak dantzan jarri ditugu. ANBOTOn esan ezin ditugun estrategiak erabili ditugu.

Saria pertsona birentzako egonaldia da. Sei zarete taldean...
Gorka: Elkarrizketara gu etorri bagara, justuena gu biok joatea izango litzateke (barrez).

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!