“Potentzial handiko errugbi taldea dugu eta jokalari bakoitzak hobera egin dezake”

Joseba Derteano 2019ko mar. 23a, 10:00

Durango Nissan Gaursa emakumeen errugbi taldeko kapitaina da Veronica Legorburu (Durango, 1998). 20 urtegaz, gazte-gazterik egokitu zaio zelaian agintzea. Trantsizioko etapa batean sartuta daude eta apurka-apurka ikastea da aurtengo helburua.

Jokalari berri asko dituzue?
Neurri batean, talde berria gara: jokalari gazteak igo dira, batzuk itzuli egin dira, Elorriotik edo Mungiatik etorri denik ere badago… Hasieran, kostatu egin zitzaigun elkar hartzea. Baina uste dut apurka-apurka gure maila igotzen ari garela.

Lesioek asko eragin ei diote taldeari denboraldian zehar.
Bai, horrela da. Denboraldia 24 bat fitxagaz hasi genuen. Nahikotxo dira. Baina denboraldiak aurrera egin ahala, taldea murriztuta geratu da lesioak direla eta.

Lesioena zorte txarra da?
Ez dakit zer gertatzen den. Batetik, norbaitek begizkoa bota digula esango nuke. Bestetik, entrenamenduetatik kanpora nork bere prestakuntza fisikoa egiteak lagundu egiten duela uste dut: korrika egiteak, gimnasiora joateak… Gorputza indartu egiten da eta lesioak izateko aukera, gutxitu. Beharbada, alderdi hori indartu egin beharko genuke.

Jokalari erabilgarri gutxi izateak bere ondorioak ditu?
Euskal Ligako bigarren fasean multzo bi daude: 15 jokalariko taldeak eta 12koak. Jokalari kopuruaren arabera, talde bakoitzak aukeratzen du non aritu. Guk 12koa aukeratu dugu, ez dago-eta jokalariak hutsetik ateratzerik!

Zer helburu dituzue bigarren faseari begira?
Potentzial handiko taldea dugu eta jokalari bakoitzak hobera egin dezake. Jarrera egokiagaz, pausoak ematen joan gaitezkeela uste dut. Apurka-apurka hazten joatea da gure helburua geratzen diren partiduetan. Denboraldi hasieratik ikaragarri hobetu dugula uste dut eta norabide berean jarraitu behar dugu lanean.

Muir Kara entrenatzaile izatea lagungarria da ikasteko?
Bai, jakina. Muir Karak esperientzia handia du eta asko daki. Hori gure onerako da. Aurreko batean, iazko gure partidu bateko bideoak ikusten ibili nintzen, eta zelako akatsak egiten genituen konturatu nintzen. Zorionez, horiek konpontzen gabiltza.

Uribarri Barrutieta DRTra itzuli da. Bere moduko jokalari esperientziaduna taldean izateak laguntzen du?
Bai, jakina. Uribarri Barrutietak maila handia dauka, nabari-nabaria da hori. Zelaian dagoenean igarri egiten da. Beragaz ikasi egiten dugu. Zerbait berria lantzen bagabiltza, zergatik den garrantzitsua azaltzen digu; hau da, kontua ez da ikastea bakarrik; zergatik den garrantzitsua ulertzea ere inportantea da.

Taldeko kapitaina zara. Gustura hartu duzun erantzukizuna da?
Hirugarren denboraldia daramat kapitain lanetan. Taldeko liderretako bat zara eta zelaian daudenek zeuri entzuten dizute. Batzuetan pentsatzen dut: "Ondo arituko ote naiz? Esan beharrekoa esan ote dut?". Nik beti diot gurago dudala zelaian jokalari bat gehiago izan, agindu bat hartu eta bete. Baina gidaritza hartu behar badut, prest nago horretarako.

Gaztetxoen entrenatzaile ere bazabiltza. Gustuko duzu irakastea?
Iaz hasi nintzen eta gustura sentitu nintzenez, jarraitu egin dut. Zortzi urtez azpiko taldeagaz nabil. Gaztetxoekin pazientzia handia behar da eta, batzuetan, kostatu egiten da, baina eurekin barre egiten dut  eta ondo pasatzen dugu.

Zelan baloratzen duzu gizonen taldearen lana?
Urte askoan lan handia egin dute Ohorezko B Mailari eusteko, eta hori baloratu egin behar da. Aurkariek gero eta jokalari kanpotar gehiago fitxatzen dituzte eta horrela zaila dela ulertu behar da. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!